Norabide bietan dago itxita Udana mendatea

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ira. 19a, 07:56
Obretako langileak martitzen goizean

Zubi batzuk konpontzeko lanak direla eta, Udana itxita dago mendate azpitik. Oñatitik gora joateko zein Legazpi aldetik behera jaisteko dago itxita.

Lau zubi daude Udanaren mendate hasieratik Oñatiko herri sarreraraino eta zubi horiek indartzeko obrak hasi zituen atzo Gipuzkoako Aldundiak. Obra horiek egiteko errepidea itxi egin behar da, ezin da errail bat zabalik egon. Horregatik, lanak iraungo duten lau hilabetetan, Udana itxita egongo da mendatearen barrenetik bai Oñatitik joateko bai Legazpitik etortzeko.

Bi fasetan egingo dituzte lanak eta Udana aldera dauden zubiak konpontzetik hasi dituzte. Lan horiek bukatu bitartean, Olabarrieta auzoko erdigunera joateko arazorik ez da egongo. Mendate barreneko baserrietara joateko baina, Aiastui aldera adibidez, auzoko bidea erabili beharko da: soziedade aldera igo eta gero ermita atzetik jaitsi, errepide orokorrera heldu arte. Mendateaz beste aldera joateko edo handik etortzeko, Bergara aldetik joan edo etorri behar dute auto gidariek. Helburua da Olabarrietako auzo gunean zirkulazioa ez areagotzea eta horrenbestez arazorik ez sortzea.

Baimenak

Obrak iraun bitartean auzo gunetik pasatzeko baimen bereziak emango ditu udalak:

  • Olabarrietako auzotarrek Legazpira joateko Udanatik joateko baimen berezia izango dute. (Osterantzean, Oñati-San Prudentzio bidea hartu beharko lukete auzo guneko trafikoa handituz)
  • Olabarrieta auzoko enpresek eta bertako langileek Legazpira joateko Udanatik joateko baimen berezia izango dute (Nemesio Zubia, Covinor, Aiastui okindegia, Const. Ugarte…)

Baimen horien udaletxean, Herritarren Arreta Zerbitzuak bulegora joanda, eskatu daitezke. Edo udal webgunetik bete beharreko orria deskargatuta edo aipatutako bulegora mezua bidalita: haz@onati.eus

Udalak gomendatu du ez erabiltzea oinezkoen aisialdi ibilbidea,  San Martin-Asentzio-Olabarrieta, trafikoa areagotuko delako, eta ondorioz oinezkoendako arriskua.

 Lau hilabete

Lau hilabete iraungo dituzte lanek. Bi hilabete, gutxi gorabehera, fase bakoitzak.

Bitarte horretan lanek eragina izango dute garraio publikoan ere. Obrengatik, Arrasate-Oñati autobus linea herriraino heltzen da, ez da Olabarrieta auzoraino joaten lehen moduan. Udalak eskatuta, Olabarrietaraino helduko da astelehenetik aurrera.

Zumarraga-Oñati-Arrasate linea kendu egin dute eta Arrasate eta Zumarraga artean linea berri bat jarri du Aldundiak. Legazpiko eta Oñatiko udalak, baina, ez dute ondo hartu linea hori kentzea eta hori jakin arazi zieten Aldundiko ordezkariei. Izaro Elorza alkateak esan bezala, Aldundiko mugikortasun ordezkariekin egoteko saiakera egiten jarraituko dute, beste aukera batzuk aztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak