Ilusio berrituekin datoz ibarreko bi erreferenteak

Xabier Urtzelai 2019ko ira. 19a, 18:00

Euskadiko txapelketan beste denboraldi bati ekiteko prest daude Fagor Industrial AloÒa Mendi eta Ford Mugarri Arrasate. Asteburuan etxean jokatuko dute biek; oñatiarrek aldaketa dute aulkian, Aitor Garcia izango da entrenatzailea.

Euskadiko Txapelketan liga hasiko dute asteburuan, eta azken urteotan moduan aurten ere bailarako bi ordezkari izango dira bertan: Ford Mugarri Arrasate eta Fagor Industrial Aloña Mendi. Hain justu, etxean hasiko dute biek denboraldia, arrasatearrek Hondarribia-Bidasoaren kontra (domeka, 12:00, Iturripe), eta oñatiarrek Basauriren kontra (zapatua, 18:00, Zubikoa).

Entrenatzaile aldaketa Oñatin

Oñatiko senior mailako talde nagusiak entrenatzailea estreinatuko du, Aitor Garciak beteko du-eta azken urteotan Aitor Aranburuk bete duen tokia. Garcia oñatiarra da, eta ondo ezagutzen du etxeko taldea, nahiz eta egun Zarautzen bizi den: "Jokalariendako ez dut uste aldaketa nabarmena izango denik, askorekin oso harreman estua daukat-eta. Lehenengo territorialera igo ginen urtean orduko jokalari batzuk taldean daude oraindik". Ondoren, Zarautzen, harrobiko taldeekin ere lanean ibili da, eta Euskal selekzioarekin ere izan du hartu-emana.

Garciak ondo ikusten du taldea, eta ilusio berrituekin: "Basauri hartuko dugu zapatuan, kategoriako oilarretako bat. Inoiz ez dago jakiterik halako talde baten kontra noiz komeni den jokatzea liga hasieran edo aurrerago. Baina, etxean jokatuta zaleen babesa izatea espero dugu, Zubikoako harmailetatik ere bultzada jasotzen dugu-eta".

Ford Mugarrik ere etxean

Arrasateko taldeko aulkian Patxi Garciak jarraituko du, baina taldean, normala den moduan, aldaketa batzuk egongo dira. Esaterako, urtetan arrasatearren atea defendatzen ibili den Axier Vallek taldea utziko du, eta hutsune hori igarriko dute, seguru. Hala, azken urteotan kategoriako talde indartsuetako bat izan eta gero –oñatiarrekin batera– iaz belaunaldi aldaketara egokitu eta helburuak ere moldatu egin zituzten; mailari eustea da lehen erronka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak