Hamaika egunetan ez ezik hiru hilabete beranduago ere hizkuntza joera aldaketa horiei "proportzio altuan eutsi" egin zitzaiela jaso dute lanean. Horixe da hain zuzen Soziolinguistika Klusterrak egindako lanaren ondorio nagusietako bat, eta gaur eman dute horren berri Donostian egin duten prentsaurrekoan. Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko Gipuzkoako zuzendaria;
Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea; Pello Jauregi, ikerketaren zuzendaria; eta Uxoa Anduaga, Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria izan dira aurkezpen horretan.
Elena Lakak irekitako bidearen garrantzia nabarmendu du: "Euskaraldiaren lehen edizioak balio izan du hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Euskaraldia abiatu genuenean bagenekien, eta halaxe adierazi genuen, hizkuntza ohiturak aldatzea eta gizartean aldaketak egitea epe luzerako lana dela. Ikerketa honek berretsi egin du adierazitakoa: Euskaraldia lehen urrats bat izan da hizkuntza ohituren aldaketan, eta orain aldaketa gauza dadin eragina handitzen jarraitu behar dugu. Ahobizi eta belarriprest jokaerak sakondu behar ditugu, eremu berrietara zabaldu beharra dago, eta gizarte eta era guztietako erakundeen babesa eskaini behar diogu euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona orori. Hori izango da hurrengo Euskaraldien helburua".
Bi lan lerro
Bi lerro landu dituzte azterketan: kualitatiboa eta kuantitatiboa. Kuantitatiboari dagokionez, Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituren aldaketan eraginik izan duen eta eragin hori nolakoa izan den aztertzea izan du helburu. Horretarako, azterketa longitudinal bat egin dute, ekimeneko hiru une desberdinetan herritarren hizkuntza ohiturak nolakoak diren neurtuta. Neurketa horiek hiru galdetegiren bidez burutu zituzten; guztira 18.383 pertsonak bete zituzten hiru galdetegiak eta hori da aztertu duten lagina.
Azterketa kualitatiboak, ostera, Euskaraldiaren inguruan sortu diren diskurtso sozialak aztertu ditu, parte-hartzaileen (ahobizi eta belarriprest-en) zein ekimeneko antolatzaileen lekukotzak jasoz. Horretarako, Euskaraldian izena eman duten herrien lagin bat osatu da.
Jardunaldia Tolosan
Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean antolatu dute aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia eta Euskaraldiaren azterketa eta aurrera begirakoak aztertuko dituzte hor. Urriaren 9an izango da Tolosako Topic zentroan. Egitarau osoa, informazio gehiago eta izen-ematea
www.soziolinguistika.eus/euskaraldiaaztergai atarian daude eskuragarri.