Enrique Barrenetxea Arando eta Maider Usandizaga azkarrenak Aramaion

Denboraldi osoan gertatzen dabilen moduan, Aramaion ere indarrak parean izan zituzten Enrique Barrenetxea Arandoren eta Maider Usandizagaren Mitsubichi EVOak (14.54.926) eta Aingeru Castroren eta Alaitz Urkiolaren M3ak (14.58.760): "Irabazi egin dugu, baina beti moduan, azkenera arte ondo estutu arazi gaituzte", adierazi dio GOIENAri Barrenetxea Arandok. Astelehenean (21:30) Harmailatik saioan laburpen zabala.

Aramaiokoa moduko zirkuitua aproposagoa da Mitsubishiarendako BMW M3arendako baino, eta aurreikuspenak beteta Enrique Barrenetxea Arandok eta Maider Usandizagak irabazi dute Euskadiko Txapelketako azkenaurreko proba. Castroren kopilotu Alaitz Urkiolak ondo zekien lasterketa aurretik nekez ibiliko zirela aurretik: "Aramaion sekula ez dugulako aparteko lasterketarik egin, atzeko trakziodun autoa izanda, ez da ibilbide egokiena guretako", baina pozik zen bigarren postuak emandako puntu kopurua oso baliagarria delako txapelketara begira. Hirugarren, berriz, Mattin Villaresen eta Xemark Iriondoren Clio Maxi-a izan zen: "Hirugarren txandan sekulako zortea izan dugu, errepidetik irten eta zelai batetik behera egin eta gero baserri bide batetik ostera ere lasterketan sartu ahal izan dugulako, eta helmugara iritsi".

Debagoieneko koadrila polita izan da lasterketan, hamabi guztira, eta tartean hiru auto aramaioarrek gidatuta: Inhar Amenabar eta Agurtzane Zubieta, Eneko Uribe eta Asier Rioja –Formula librean irabazle–, eta Asier Robledo eta Raul Perez.

Klaseei dagokienez, hauek irabazleak:

  • 1 Klasean: Aritz Herrero eta Eduardo Madina (Citroen Saxo VTS)
  • 2 Klasean: Gorka Idigoras eta Joseba Berasategi (Clio Sport)
  • 3 klasean: Iñigo Alustiza eta Jon Ugaldebere (Peugeot 208 R2)
  • 4 Klasean: Mikel Nazabal eta Eneko Nazabal (BMW 325)
  • 5 Klasean: Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3)
  • 6 Klasean: Enrique Barrenetxea Arando eta Maider Usandizaga (Mitshubishi EVO 6)
  • Formula librean: Eneko Uribe eta Asier Rioja (Mitsubishi EVO 6)
Erlazionatuak

Aramaioko rallysprinta, iruditan

Aramaio

Hemezortzigarren aldiak argazki ikusgarriak utzi ditu. Autoak, gidariak, errepidea, ibilbideak, ikusleak... guztiak izan ziren protagonista atzoko ...

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.