Amaitu dira uda sasoiko lan nekagarri eta lagunarteko torneoak. Hala, liga hasieraren atarian, GOIENA ohorezko erregional mailako hiru entrenatzaileekin izan da. Bergarako entrenatzaile Jose Javier Barkeroren taldeak etxean, Agorrosinen, jokatuko du bihar, zapatua (17:00); Añorga izango dute aurrean: "Ondo hastea garrantzitsua da, eta etxean hastea plus bat da guretako. Añorgak talde polita dauka, jokalari onak ditu, gazteak, eta talde dinamikoa da". Hala, Barkerok ez du aurreratu gura Bergarak non egon behar duen: "Anaitasuna, Eibar Urko, Hernani, Mondra... goialdean egoteko moduko taldeak dira. Guk lasai egon behar dugu, puntu bakoitzagatik borrokatu eta joango gara ikusten zein den gure lekua".
UDAk ere etxean jokatuko du, domekan (Ibarra, 16:30), eta kategoriako oilarretako bat izango du aurrean, Eibar Urko: "Gurago dugu orain jokatu euren kontra; izan ere, aurrerago, erritmo handiagoa izango dute eta orduan zailagoa izango da irabaztea. Gipuzkoako jokalari puntakoenekin osatutako taldea da, lagunduko digu ikusten non gauden", dio Mikel Larburuk.
Mondrako aulkian, berriz, Jorge Davilak jarraipena emango dio proiektuari; Ordizian jokatuko dute, zapatuan (16:00): "Ordizia hirugarren mailatik jaitsi berri da eta lagunduko digu ikusten orain momentuan non gauden. Ahalik eta gorenen egoten saiatu behar dugu".
- Jose Javier Barkero, Bergarako entrenatzailea: "Sentsazio ona izan dugu denboraldi-aurrean, talde lehiakorra dugu. Zelai gutxi daude Agorrosin modukoak; horrek abantaila izan behar du guretako. Etxean hastea ona da; joango gara ikusten zein izan behar den gure lekua. Puntu bakoitza borrokatu beharko dugu".
- Mikel Larburu, UDAko entrenatzailea: "Azken bi urteotan belaunaldi aldaketa izan da Aretxabaletan, eta, epe motzeko emaitzak baino gehiago, etorkizuneko taldea eraikitzen joan behar dugu; taldeak orain ez du aparteko presiorik izan behar. Gustura nago udan egindako lanarekin; ea zer moduz gauden".
- Jorge Davila, Mondrako entrenatzailea: "Aste positiboak izan dira eta ilusio handia dugu, liga hasteko gogotsu gaude; besteak beste, ligan gure lekua zein den ikusi gura dugu. Iaz, azken jardunaldietan lortu genuen laugarren postura iristea; ea aurten hasieratik aurrealdeko postuetan egoteko kapaz garen".
Antzuola eta Aloña Mendi ere abian
Gorengoen mailan ere liga hasiko dute asteburuan. Eta hor daude ibarreko beste bi herri ordezkatzen dituzten Antzuola eta Aloña Mendi, eta baita Mondrako eta UDAko bigarren taldeak ere. Aloña Mendik Soraluzeren kontra jokatuko du domekan Azkoagainen (16:30) eta Beasainen jokatuko du zapatuan Antzuolak, Loinazen (17:00).
Emakumezkoetan Leintz Arizmendik eta Aloña Mendik indarrak batuko dituzte
Emakumezkoek irailaren 21ean hasiko dute liga. Eta hor, albiste da Leintz Arizmendik eta Aloña Mendik indarrak batuko dituztela senior mailan bi talde ateratzeko –ohorezko mailan eta gorengo preferentean–. Bergara da ibarreko beste ordezkaria.