Buesa Arenara iritsiko da 'Humanity at Music' irailaren 14an

Jone Olabarria 2019ko ira. 6a, 16:37

Ikuskizun kultural-kooperatiboak 1.000 pertsona jarriko ditu eszenan Gasteizko Buesa Arenan, irailaren 14an. Euskadiko Orkestrak, Kukai Dantza Taldeak eta Euskal Herriko abesbatzak parte hartuko dute. Guztira, talde ezberdinetako 450 ahots arituko dira kantuan, Fernando Velazquez Getxoko musika-egilearen zuzendaritzapean.

Humanity at Music, Sinfonia Kooperatiboa irailaren 14an iritsiko da Gasteizera eta 1.000 pertsona baino gehiago jarriko dira. Hala aurkeztu dute gaur, irailak 6, Gasteizko Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan ordezkari instituzionalek, proiektuan parte hartzen duten bi artistekin batera: Fernando Velazquez, musika-egilea, Un monstruo viene a verme filmeko soinu bandaren Goya sariduna; eta Jon Maya, Kukai dantza taldeko zuzendaria.

Ikuskizun nagusia 18:00etan hasiko da, eta nabarmendu dutenez "bakarra eta ahaztezina izango da, goi-mailako askotariko artista, eszenografia, 3D proiekzio, soinu eta argiekin". Bertan izango dira, Euskadiko Orkestra, Kukai dantza taldea, bertsolari nabarmenak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Euskal Herriko leku ezberdinetako elkarte eta eragileekin batera; horien artean, 20 abesbatza taldek osaturiko 450 ahotsak, Gasteizko Udal Dantza Kontserbatorioarekin batera dantzatuko duten 150 dantzari, Euskal Herriko txistulariak, etab. Ikuskizuna 15.000 pertsona ingururen aurrean egitean aurreikusten dute.

Familia osoarentzat

Irailaren 14a familia osoari zuzenduriko eguna izatea nahi dute. Bada, Buesa Arena kanpoaldean musikaz  lagunduriko tailerrak, ekintzak eta ikuskizunak izango dira 12:00etatik hasita. Horien artean,  Pirritx, Porrotx eta Marimototsek jardunaldiari hasiera emango diote Musua ikuskizunarekin. Ekintzak doakoak izango dira eta jan eta edateko Food Truck-ak egongo dira egunean zehar; bukatzeko, ikuskizun nagusiaren ostean, itxiera jaialdia ospatuko da.

Sarrerak eskuragarri

Jakinarazi dutenz, sarrerak salgai daude egitasmoaren atari digitalean (www.humanityatmusic.com), prezio eta modalitate ezberdinekin. Gainera, autobusak antolatu dituzte leku ezberdinetatik, (www.tellevamos.eus) webgunearen bidez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak