Hawaiiko ironmanerako txartela Mikel Mujikak

Xabier Urtzelai 2019ko ira. 6a, 19:00

Mikel Mujika, Saltokiko elastikoarekin, Arrasateko Miren Apraizekin eta Donostiako Jon Ander Egibarrekin batera. Argazkia: Ironman France.

Bergarako triatletak abuztuaren 25ean Vichy-n (Frantzia) egindako ironmanean lortu du 2020an Hawaiin lehiatzeko sailkatzea. Sailkapen orokorrean zazpigarren izan zen. Aurretik debagoiendar bakarrak egin du balentria hori, Aritz Kortabarria herrikideak.

Gutxi dira lehenengo Ironman proba egin –3,8 km igeri, 180 km bizikletan eta 42,2 km korrika– eta zuzenean Hawaiiko lasterketarako sailkatzen direnak. Hori da distantzia luzetan lehiatzen diren askok amesten duten helburua, 1978tik Oahun eta geroago Kailua-Konan egiten duten lasterketako irteera puntuan egotea. Horretarako, baina, kirolerako dohain bereziak behar dira, eta hilabete askotan lanak oso ondo egitea. Hala, horixe da Mikel Mujika bergararrak lortu duena, munduko ironman proba ezagunenean egongo da 2020ko urrian: "Urte batzuk badaramatzat triatloiak egiten, eta neguan Xabi Jauregik eta biok erabaki genuen ironman distantziarekin saiatzea. Izan ere, ondoan laguna baduzu, eramangarriagoak egiten dira entrenamendu saio luzeak. Gauzak ondo egiteko, Xabier Muriel Euskadi Muriasko prestatzailearen aginduetara jarri zen Mujika, eta emandako aurrerapausoa handia izan dela aitortu du Bergarakoak: "Ondo prestatuta joan naiz lasterketara, baina ez nuen uste sailkapen orokorrean zazpigarren egiteko gauza izango nintzenik. 1.600 lagunek hasi genuen proba, eta nazioarteko atleta mordoa zegoen han, ez nekien zein izango zen nire lekua".

Bergarakoak 09.14ko denbora egin zuen: "30-35 urte bitartekoen artean bosgarren sailkatu nintzen, eta, hain justu, lehenengo bost sailkatuendako zegoen Hawaiirako txartela; poztasun galanta hartu nuen". Jauregik ere lasterketa oso ona egin zuen: 10.33, 109.a izan zen helmugan.

Erritmoak zaintzen

Ironmana bakarkako kirola da, eta nork bere burua ondo ezagutzea ezinbestekoa da: "Aurretik entrenatzailearekin zehaztutako erritmoak errespetatzen ahalegindu nintzen, pasatu barik, eta, bero galanta egin bazuen ere, sentsazio onak izan nituen proban zehar. Bizikletako tartea zen gogorra, gorabehera handikoa, eta horrek mesede egin zidan".

Saltoki Trikideak taldeko lagunak beste hilabete batez gogor jardungo du: "Besteak beste, taldearekin Espainiako Txapelketan esku hartuko dudalako urrian, eta gero, atseden hartuko dut". Dena beharko du, 2020ko etxerako lanak aurki hasi beharko ditu eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak