Aretxabaletako martxarekin hasten dira ibarreko hitzorduak

Xabier Urtzelai 2019ko ira. 11a, 13:43

Bizikleta zalea bidetxurrean.

Irailean eta urrian Debagoienean hainbat mendi bizikleta martxa antolatuko dituzte. Aretxabaletakoa zapatuan egingo dute, hilak 14. Bergarako Palmerakuek irailaren 22a aukeratu dute eta Mondranbike urriaren 19an izango da. 

Aretxabaletako mendi bizikleta martxa UDAk antolatuko du zapatuan (irailak 14, 09:00etan herriko plazan), helduendako 40 kilometrotako ibilbidea prestatzearekin batera familian egiteko txangoa ere prestatu dute, 10 kilometrotako ibilbidearekin –Urkuluri itzulia emango diote–. Hala, egunean bertan eman ahal izango da izena (federatuek 10 euro, ez federatuek 15 euro). 

Palmerakuen 7. martxa Bergaran

Bergarako martxa antolatzeaz Palmerakuak taldeko lagunak arduratzen dira, eta horiek aspaldi hasi ziren Trekutz inguruetan bidetxur berriak prestatzen (irailak 22, 09:00etan, Agorrosinen. Izenemateak hemen). Antolatzaileek 30 eta 40 kilometro dituzten ibilbideak prestatu dituzte, eta zailtasun tekniko aldetik ere egongo da non aukeratu, all mountain –teknikoagoa– eta XC –zailtasun txikiagokoa– ibilbideak prestatu dituzte-eta (federatuek 12 euro, ez federatuek 15 euro. Egunean bertan 20 euro).

Mondranbike, urrian

Arrasateko Mondranbike Besaideko lagunek antolatuko dute, urriaren 19an (09:00, Biteri plazan, izenemateak hemen). Eta, urtero moduan hor ere mendi bizikleta zaleek bidetxurrez jositako 25 eta 35 kilometrotako ibilbide banarekin egingo dute topo. Izenemateari dagokionez, federatuek 15 euro eta federatu ez direnek 17 euro ordaindu beharko dituzte, eta 5 euro gehiago ordainduta Ternua etxeko kamiseta eskuratu ahal izango da.

Oñatin, oraingoz ez

Iaz moduan, aurten ere ez da egongo hainbat hamarkadetan Oñatin antolatu izan duten mendi bizikleta martxa. Azken urtetan Iban Altuberen omenez  antolatu izan dute hitzordua, baina lan-talde hori beste zergin batzuetan dabil orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak