Emaitza-kontua
Laboral Kutxak adierazi du, interes-marjina 122 milioikoa izan dela, 2018koa baino %2,12 txikiagoa, alegia. Jaitsiera honen arrazoiak honakoak direla aipatu ditu entitateak: "Bi izan dira interes-marjinaren jaitsieran eragileak. Batetik, errentamenduen kontabilitateari buruzko araudi berriaren inpaktua eta bestetik, euriborraren bilakaerak hipoteka-zorroan izan duen eragina".
Era berean, entitateak honako hau aipatu du kostuen inguruan: "Laboral Kutxak efizentziaz kudeatzen ditu kostuak. Esate baterako, administrazio gastuak %2,1 gutxitu dira, 110,6 eurokoak izan direlarik".
Berankortasunaren murrizketa
Laboral Kutxaren esanetan, "arriskuen gestioa eta aktiboen kalitatea" dira entitatearen indarguneak. Modu horretan, berankortasun-tasa %4,14 jaitsi da, beherako bidean jarraitzen duelarik. Izan ere, "sektorearen batez besteko tasa %5,65eko zen maiatzean".
Kaudimen maila altua
Entitateak %18,39ko kaudimen-maila duela jakinarazi du: "Lehen mailako baliabide propioak arriskuaren arabera haztatutako aktiboekin alderatzen dituen Common Equity Tier (CET1) adierazlearen bidez neurtutako datua da hauxe".
Likideziaren "emaitza positiboa"
Likideziaren ratioa %71,10ekoa da. Hala, entitateak positiboki baloratu du datua: "Banku-negoziorako estandarrean arauz eskatzen den %100eko ratioaren aldean oso emaitza positiboa da".
Aurrezkia
Arlo honetan, hazkundea izan du entitateak, %5,11koa hain zuzen: "2019ko lehen seihilekoan, baliabide bitartekotu guztiak bilduta, 22.928 milioi euroko zenbatekoa lortu dugu, 1.115 milioi euro gehiago, alegia". Inbertsio-fondoen saldoei buruz, honakoa aipatu du: "%5,3 egin dute gora iazko ekainetik hona. Sektorearen batez bestekoa baino ehuneko altuagoa da, oraindik ere iazko ekainean lortutako datuetatik behera jarraitzen baitu (–% 1,33)".
Entitatearen esanetan, aurreikuspen eta pentsio-planen saldoek gorako joera erakutsi dute.
Kreditu-inbertsioa
Laboral Kutxaren krediu-inbertsio osoa 13.454 milioi eurokoa izan da, urtarriletik ekainera %1,96 igoera izan duelarik. Izan ere, hipoteka-bermedun kreditu-formalizazio berriak erregistratu ditu.
Horrez gain, lehen seihileko honetan, "kontsumorako maileguen formalizazioek %2,7 egin dute gora" eta "merkataritza-alorreko kreditu-ibertsioaren saldo osoa %2 hazi da".
Aseguruak
Aseguruen inguruan honakoa adierazi du entitateak: "Aseguruen negozioak 20,5 milioi euroko emaitza eman digu, hazkundea %3,2koa izan delarik, 2018ko epe berarekin alderatuz". Laboral Kutxak, hiru faktore aipatu ditu emaitza positibo honen inguruan: "Seihilekoan izandako ezbehar-tasa apalak, gastuen kontrol efizienteak eta primen hazkundeak".