Euskararen bigarren espedizioa amaitu dute gaur

Aitor Agiriano 2019ko uzt. 31a, 11:30
'EuskarAbentura'-ko parte hartzaileak. Argazkia: EuskarAbentura

Uztailaren 1ean abiatu zuten aurtengo EuskarAbentura espedizioa. Bertan izan dira Irea Egaña oñatiarra eta Kattalin Linazisoro aretxabaletarra. Donejakue bidea jarraituz, 783 kilometroko ibilbidea egin dute Euskal Herria oinez zeharkatuz.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eraman dituen oinezko espedizioa izan da EuskarAbentura. Hala, Irea Egaña eta Kattalin Linazisoro debagoiendarrek, errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdinetako beste neska-mutil batzuekin nahastuz, "oso aberasgarria" izan den esperientzia izan dute bizigai. "Oso ondo joan da. Emigrazioaren gaineko ipuin labur bat aurkeztuta eduki dut bertan izateko aukera. Aurrez ez nuen ezer berezirik espero, baina etorri eta gauza oso handia bizi izan dugu", dio Linazisorok. Egañak ere ez zuen horrelakoa izango zenik espero: "1936an Gernikan egon zen Habana ontziaren gaineko marrazkia aurkeztu eta bertan egoteko aukera izan dut. Oso interesgarria da".

20 kilometroko etapak egunero

Uztailaren 1ean abiatu ziren, Maulen, eta gaur amaitu dute, Getxon, 31 etapatan banatuta gauzatu duten ibilbidea. Guztira, zehazki, 483 kilometro dira oinez egin dituztenak. Dinamika bertsua izan dute egunero: goizeko zazpietan esnatu, prestatu, gosaldu, eta 08:00etan lehen taldeak abiarazten zuen etapa. Bidean edo herrian bertan bazkaltzen zuten, eta, arratsaldean, orotariko ekintza ugari izan dituzte. "Batez beste, 20 kilometroko etapak egin ditugu aldiro. Eta egin ditugun ekintza ugarietatik, Orreagan Asisko Urmeneta komikilari nafarrarekin gozatutakoa azpimarratuko nuke", dio Linazisorok. Bestetik, Egañarentzat, Glaukoma taldeko Juantxo Arakamarekin izan ziren eguna da orain arte gehien gozatu duena: "Asko gustatu zitzaidan. Baita berba egiteko duen era ere".

Iritsi dira helmugara

Azken txanpan Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldea zeharkatu eta gero, Getxon amaitu dute bigarrenez egin duten espedizioa. Eta, debagoiendarrek, gazte guztiei luzatu nahi izan diete gonbidapena esperientzia bizi izatera animatu daitezen. "Bere euskara areagotu, euskaraz hitz egin eta lagun berriak egiteko prest dagoen orori gomendatuko nioke, kristoren aukera eta esperientzia da-eta bizi duguna", dio aretxabaletarrak. Oñatiarrak ere gainerako partaideekin egin duen harreman ona adierazi nahi izan du: "Ez dut sinisten zenbat jende, leku ezberdinetakoak, ezagutu ditugun hemen. Eta egun guzti hauetan elkarren artean nolako erlazioak garatu ditugun. Itzela da!". Hala, alde batetik, "gogoz"; eta, bestetik, "pena pixka batekin" itzuliko dira debagoiendarrak etxera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak