Jon Odriozola: "Urtero berrasmatu behar du Murias-ek"

Xabier Urtzelai 2019ko uzt. 26a, 12:00

Oñatin, unibertsitate parean, Euskadi Muriaseko automobilaren termometroak 40 gradu erakusten ditu. Taldeko managerrak, baina, ondo gogoan du txirrindulari zeneko garaietan Sevilla eta Portugal artean egindako lasterketa batean bizi izandakoa: "Portugalgo lasterketetan 40 gradu izatea normala da, baina egun hartan, 55 gradu izan genituen; zelan sufritu genuen...".

Gaur moduan, Espainiako Vueltan ere bero egingo du, baina iaz Farraponan Oscar Rodriguezekin lortutako garaipena errepikatzeko bada... 

Egun oso berezia izan zen hura, eta denborarekin gehiago baloratuko dugun garaipena izan zen. Badakigu oso zaila dela, baina iaz lortu bagenuen, zergatik ez dugu amesten jarraituko? 

Taldeari, baina, ezin zaio halako garaipenik exijitu, ala? 

Iaz, Oscar Rodriguezek Euskadi Muriasen aurrekontu osoa irabazten duten ziklistak utzi zituen Farraponan atzean. Hor erakutsi genuen zertarako kapaz garen, etapak ondo prestatuta, ziklistak ondo eramanda, planifikazio zehatza eginda... Baina Vueltan beste etapa bat irabaztea da Realari urtero Txapeldunen Ligan egotea exijitzea eta, gainera, finalerdietara iristea. 

Bost garaipen eskuratu dituzue aurten, denak Enrique Sanzekin.

Euskadi Muriasek urtero berrasmatu beharra dauka, gehien nabarmentzen diren txirrindulariak beste talde boteretsuago batzuetara joaten direlako. Horren harira, guk harrobi taldea izan behar dugu, garbi dugulako ezin dugula txirrindulari baten etorkizunarekin jolasean ibili. Eta, hala ere, garaipenak lortzeko kapaz izan gara aurten, mendiko sariak irabazi ditugu, protagonista izango gara proba askotan. Badakigu garaipenik gabeko urteak ere izango ditugula, hori izan beharko litzateke normalena, baina horrek ez luke esango lana txarto egiten gabiltzanik, ezta gutxiago ere. Izan ere, oso harro nago, eta oso pozik gure taldeko ziklistek, laguntzaileek... talde osoak egiten duen lanarekin.

Donostia Klasikoaren aurkezpenean egon zarete. Berdintasunaren aldeko apustua egin dute aurten.

Bai, emakumezkoen lasterketa ere egongo delako, eta oso albiste ona da hori; beharrezkoa zen. Gainera, saltsa handiagoa egongo da lasterketan, polita izango da.

Donostia Klasikoa etxeko lasterketetako bat da Euskadi Muriasendako.

Bai, eta egia da gure ziklistendako ez dela, egutegi aldetik, lasterketa aproposena. Izan ere, taldekideak garaieran entrenatzen dabiltza orain, Vuelta dugu begiz jota, eta Klasikoa ez datorkigu ondo. Baina etxeko zaleen aurrean egongo gara eta ondo egin gura ditugu gauzak, iaz moduan, ihesaldietan sartuta, tarteko helmugak irabazita, mendiko saria... Lasterketa garrantzitsua da guretako.

Eta ez da batere erraza bertan nabarmentzea; Tourretik datorren jendea egongo da. 

Oso zaila da euren aurrean nabarmentzea, batetik, munduko ziklista onenak direlako, eta, bestetik, Tourrak ematen duen sasoi puntuarekin etorriko direlako.

Klasikoan zure herrikide batek esango du agur, Markel Irizarrek. 

Txirrindularitzako profesional izateari utzi eta hasierako hilabeteak ez dira errazak, urteak egin dituzulako zure burua zaintzen, lasterketetarako prestatzen... Eta orain, bizitza asko aldatzen da, beste eginbehar batzuk daude. Nik zortea izan nuen bizikleta utzi eta segituan hasi nintzelako Orbeako taldean lanean, eta Markelek ere segituan bilatuko du bere lekua, ez daukat zalantzarik. Gainera, egon den lekuetan estimatua izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak