Elai Alai elkarteak 45. Nazioarteko Folklore jaialdia egiten ari da, zapatuan hasi eta gaur, martitzena, bitartean, Portugaleten, eta, aurreko aldietan moduan, Bizkaiko herria bada ere jaialdiaren erdigune nagusi, handik kanpo hamasei ikuskizun eskainiko dituzte; horien artean, Arrasaten eta Bergaran.
Kubakoak eta Armeniakoak
Bergarako San Martin plazan, 19:00etan hasita, Kubako Camaguako Folklore Konpainiaren emanaldia izango da. Antolatzaileen esanetan, "konpainiak bere ezaugarri du herriak bihotz-bihotzean bizirik dituen tradizioak dantzaren eta musikaren bidez taularen gainean erakustea, dantza eta musika dira-eta herriaren oinarri nagusi".
Monterron parkean izango da, 22:30ean hasita, Arrasateko emanaldia, eta Armeniako dantzariak izango dira taularen gainean. "Kokapen geografikoaren eraginez, kultura oso aberatsa du Armeniak. Gizonezkoen dantzak oldartsuak, azkarrak eta akrobaziazkoak dira, eta emakumezkoenak, berriz, pausu arinezkoak eta apaltasun handikoak", azaldu dute Elai Alai elkartekoek.