Zenbat irabazten dute gure udal ordezkariek?

Arrasateko uztaileko osoko bilkura.

Agintaldi berria martxan da (2019-2023), eta dagoeneko herri gehienetan udalbatzek finkatu dituzte alkateek izango dituzten soldatak, Oñatin izan ezik; horrez gain, udal taldeek eta zinegotziek jasoko dituzten diru kopuruak ere zehaztuta geratu dira.

Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriaren (EH Bildu) ordainsaria urtean 42.000 eurokoa izatea onartu zuen udalbatzak uztaileko osoko bilkuran, 2015ean baino 5.404 euro gehiago –36.596 eurokoa zen orduan–. Liberatuta ere bera bakarrik egongo da.

Talde politikoek jasoko duten diru kopuruari dagokionez, bakoitzak 35 euroko kopuru finkoa jasoko du hilero eta kopuru aldagarria ere 35 eurokoa izango da zinegotziko, hilero. Bestalde, udalbatzarreko bilkura bakoitzagatik 40 euroko dieta jasoko du zinegotzi bakoitzak, eta batzorde informatzaile bakoitzagatik 70 eurokoa.

Aramaion, igoera txikia

Lierni Altunak (EH Bildu) 39.510 euro kobratuko ditu urtean, 2015ean baino 1.910 euro gehiago, eta bera izango da liberatuta egongo den bakarra.

Udal talde politikoek jasoko duten diruari erreparatuz, 2019ko aurrekontuetan onartu zen moduan, 12.000 euroko partida modu honetan banatuko da: 2.000 euro jasoko dituzte bai EH Bilduk eta bai EAJk osagai finko moduan; osagai aldakorrari dagokionez, zinegotzi eta batzordeburu kopuruaren arabera egiten da gainerako 8.000 euroen banaketa, eta 6.500 euro dagozkio, honenbestez, Gobernuko taldeari, eta 1.500 jeltzaleei. Dietarik ez dute jasoko zinegotziek.

Aretxabaletan, hiru liberatu

Unai Elkororen (EAJ) soldata 56.486 eurokoa izango da urtean –11.486 euro gehiago–. Alkateaz gain, Ainhoa Cabero (EAJ) eta Ion Albizu (EH Bildu) ere egongo dira liberatuta, jardunaldi osora, eta urtean 39.881 euroko soldata jasoko dute biek.

EAJk 22.835 euro jasoko ditu, guztira, hauteskundeetan lortutako boto kopuruagatik, zinegotzi kopuruagatik eta Gobernu batzordeko kide kopuruagatik. EH Bilduk, berriz, 17.664 euro jasoko ditu, guztira, kontzeptu berengatik. Zinegotziek ez dute dietarik jasoko.

*OHARRA: Taulan, Oñatiko alkatearen 2019ko datua behin-behinekoa da, biharko osoko bilkuran onartzekoak dira soldata berria.

Arrasaten, seigarrenaren liberatuaren zain

Maria Ubarretxenak (EAJ) 67.466 euroko ordainsaria izango du urtean –2.466 euro gehiago–. %100ean liberatuta egongo dira baita Oscar Garcia (PSE-EE) –39.881 euro– eta Ander Garay (EAJ) ere –39.881 euro–. Ibon Arrupe (EAJ), %55ean liberatuta egongo da –21.935 euro–, eta Maitane Muñoz (EAJ), %50ean –19.940 euro–. EH Bilduk laster zinegotzi bat liberatuko du, eta sei izango dira, guztira.

Alderdi politiko bakoitzak 9.000 euro jasoko ditu urtean, eta liberatuta ez dauden zinegotziek 2.400 euro –zinegotziko eta alderdiko jasotzen den ordainsaria alderdi politikoak jasotzen du zuzenean–.

Batzorde informatzaile batera joateagatik 90 euro jasoko dute zinegotziek, eta batzordeburuen kasuan, 180 euro. Osoko bilkura batera joateagatik 180 euro zinegotziko, baita Tokiko Gobernu Batzarrera joateagatik ere.

Bergaran, soldatak behera

Gorka Artolaren (EH Bildu) urteko soldata 51.000 eurokoa izango da –Elena Leterena (EAJ) baino 16.087 euro gutxiago–.

Zinegotzien dedikazioari dagokionez, alkateaz gain, Udal Gobernuko lau kidek jasoko dute liberazioa. Ainhoa Lete alkateordea %100ean liberatuta egongo da, eta 41.000 euroko soldata gordina izango du; Aitor Arantzabalek eta Kristina Markinak 13.000 eurokoa, eta Ekaitz Aranberrik 13.650 eurokoa –bakoitzak heren bat–.

Era berean, EAJko Maite Agirre %100ean liberatuko dute eta haren soldata gordina izango da 35.454 eurokoa urtean.

Udal taldeek jasoko duten diru kopuruari dagokionez, finkoak eta aldakorrak kontuan izanda, EH Bilduk 121.808 euro jasoko ditu urtean, EAJk 33.836 euro eta PSE-EEk 7.895 euro. Dietarik ez dute jasoko zinegotziek.

Elgetan, igoera izan arren, baxuena

Elgetaren kasuan, Iraitz Lazkanok (EH Bildu) 35.224 euro kobratuko ditu urtean –2015ean onartutakoa baino 9.397 euro gehiago–, eta bera izango da liberatutako bakarra.

Talde politiko bakoitzak 20 euroko ordainketa finkoa jasoko du hilero, eta 15 euro hilean zinegotziko. Zinegotzien dietei dagokienez, parte hartu izandako osoko bilkura bakoitzeko 25 euro jasoko ditu hautetsi bakoitzak, eta batzordeburu direnek beste 35 euro hileko. Alkatea salbuespena da kasu honetan, ez du dietarik jasoko.

Eskoriatzan ere, soldatak gora

Joxerra Zubizarretaren (EAJ) soldata 59.188 eurokoa izango da urtean, 2015ean baino 16.168 euro gehiago. Halaber, alkatea izango da liberatu bakarra.

Udal taldeentzako diru kopuruari dagokionez, urtean 9.500 euroko partida bat dago, eta horren %40 udal talde guztien artean banatuko dute, hiru zati berdinetan. Gainontzeko %60 zinegotzi kopuruaren arabera banatuko da. Zinegotziek ez dute dietarik jasoko.

Alkateak ez du kobratzen

Leintz Gatzagako alkateak ez du kobratzen, eta zinegotziek ere ez dute dietarik jasotzen. Halaber, hauteskundeak egin zain jarraitzen dute gatzagarrek.

Oñatin, erabakitzeke

Izaro Elorzaren (EH Bildu) soldata, liberatuen kopurua eta euren soldatak hurrengo osoko bilkuran onartuko dituzte Oñatin, bihar, uztailak 23. Bitartean, Mikel Biainen diru kopuru bera jasoko du Izaro Elorzak, 53.159 euro urtean.

Talde politikoek hilean diru kopuru finko bat jasoko dute, 50 euro, eta bakoitzak duen zinegotzi kopuruaren araberako zati bat ere bai. Hori aldakorra izango da: 707 euro batzordeburu bakoitzeko, 375 euro batzordeburu ez den zinegotziko eta 160 euro hileko zinegotzi liberatu bakoitzeko. Dietarik ez dute jasoko zinegotziek.

Eudel-en mugen barruan

Alkate guztien soldatek egin dute gora 2015ekoekin alderatuta, Bergaran izan ezik. Hala ere, Euskadiko Udalen Elkartearen 2019-2023 agintaldirako Euskadiko Toki Erakundeei Buruzko Legeak ezartzen dituen mugen azpitik daude guztiak. Izan ere, herri bakoitzaren biztanleriaren arabera, liberatuen gehienezko ordainsariak finkatzen ditu Eudelek agintaldi bakoitzean, probintziaka, eta aipatutako soldatak eta liberatu kopuruak Arabako eta Gipuzkoako muga horien barruan daude.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.