"Gaur goizean hainbat kamioi abiatu dira Frantziara, jana eta bestelako materialarekin. Aurten guztira, 50 pertsona inguru elkartu gara, beste urte batzuetan baino gutxiago. Izan ere, beste urte batzuetan gazte gehiago animatu izan dira, baina aurten asko lanean daude eta ezin izan dira etorri. Oñatitik abiatu da autobusa, baina Aizarnazabalen egin dugu lehen gealdialdia, bertako herritar batzuk gurekin datozelako, trikitilariak, besteak beste. Izan ere, bidaia honen helburua Tourra ikustea da, baina baita ondo pasatzea ere, horregatik azken urtetan trikitia, panderoa eta beste musika tresna batzuk eramaten ditugu giroa sortzeko.
Bihar Bagneres de Bigorren amaituko da lasterketa eta gu helmuga ikustera joango gara, lo egiteko hartuta daukagun lekua helmugatik gertu baitago. Biharko lasterketa amaitzean, Tourmaletera joango gara. Izan ere, eramaten dugun material guztiarekin ezin izango dugu egubakoitzeko etapa in situ ikusi, baina telebistatik jarraitzeko asmoa daukagu. Tourmalet gaina baino zazpi kilometro beherako lo egiteko lekua hartuta daukagu beraz, zapatuan bertatik ikusiko ditugu txirrindulariak eta handik etxerako bideari ekingo diogu".