Debagoieneko Ospitaleak Joint Commission erakundearen osasun-akreditazioa lortu du aurten ere

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko uzt. 17a, 17:25

Debagoieneko Ospitaletik azaldu dutenez, akreditazioa ematerakoan "pazientearen kalitatea eta segurtasuna eta prozesu klinikoetako arriskuen murrizketa" ebaluatzen dira.

2016an lortu zuen lehenekoz Debagoieneko Ospitaleak nazioarteko aintzatespena Joint Commissionen eskutik. Osakidetzako lehen ospitalea izan zen gainera egiaztagiri prestigiotsu hori lortzen eta aurten berrakreditazio lortu dute.

Joint Commission International erakundeak 50 urteko esperientzia dauka osasun-erakundeak ebaluatzen eta mundu osoko 20.000 erakunde inguruk dute erakunde horren egiaztagiria. Ospitaleak ebaluatzeko ikuskaritzak egiten dituzte, Debagoienean "uztailaren 1etik 4ra bitartean egin zen; eta horretarako, kanpo-ebaluazio independentea egin zen. Hartan, 1.400 estandar ingururen segimendua egin zen".

Ospitaletik zehaztu dutenez, zerbitzuen eta asistentziaren kudeaketaz gainera, beste alderdi batzuk ere neurtzen dira, besteak beste: "pazienteen identifikazio zuzena; profesionalen komunikazioaren eraginkortasuna; arrisku handiko medikazioaren segurtasuna; osasun-arretarekin lotura duten infekzio-arriskuen murrizketa, eta erorketek pazienteetan eragindako lesioen arriskuen murrizketa".

Nekane Murga Osasun sailburuak honako hau gogorarazi du: "aintzatespen horren ondorioz, Euskadi buru da Europan, pazienteen
onerako segurtasun-neurrietan”. Hori horrela, sailburuak eskerrak eman ditu Debagoieneko Erakunde Sanitarioko profesional guztien inplikazioagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak