48 bertsolari eta hamasei saio
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irailaren 14an abiatu eta hiru hilabeteko iraupena izango du, hamasei saio izango dituelarik. Guztira 48 bertsolarik hartuko dute parte; horien artean izango dira Ainhoa Agirreazaldegi elgetarra, Maider Arregi oñatiarra eta Ane Zuazuabiskar arrasatearra. Finala, abenduaren 14an izatea aurreikusten da, Donostiako Illunben.
Saioak Gipuzkoan barrena izango dira: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Lehen saioa irailaren 14an izango da eta hortik aurrera, ia astero izango dira saioak, fasetik faserako asteburuetan izan ezik.
Bertsolariez gain, hamabost gai jartzaile, hamasei epaile eta lau idazkari eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.
Sarrerak
Irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus atarian saio guztietako sarrerak. Bertsozale Elkarteko bazkideek sarreretan prezio berezia izango dute eta bonua eskuratzeko aukera ere izango dute, saio guztietarako balioa dutena, finalerako izan ezik.
Txapelketaren inguruko informazio, www.bertsozale.eus atarian izango da eta www.bertsoa.eus atarian berriz, txapelketaren jarraipen berezia egingo da.