Arrate Bergara, San Fermin pilota txapelketako finalean

Xabier Urtzelai 2019ko uzt. 12a, 12:19

Sanfermin jaietako azken orduak ospatzen dabiltzan honetan, Labritek jaiaren erdigunea izaten jarraitzen du. Zapatuan garaiko emakumezko pilotaririk onenei zabalduko dizkie ateak Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermín Txapelketako finalak jokatuko dituzte eta. Eta tartean egongo da Arrate Bergara bergararra.

Nafarroako pilotariek protagonismo berezia izango dute biharko finaletan, zortzi finalistetatik sei nafarrak izango dira eta. Egongo da, baina, debagoiendarrik, 18 urtez azpiko kategorian Arrate Bergarak finalerako txartela lortu duelako Katixa Agoretarekin bikotea osatuta. Eider Salbide eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko dute. Bi bikoteek oso finalerdi desberdinak jokatu zituzten aurreko zapatuan Lizarran. Lehenek izugarri sufritu zuten Leire Oscoz eta Ane Mendibururi tanto bakar batez irabazteko, Salbide eta Ruiz de Larramendik, ordea, partida erosoa izan zuten Udane Bergara eta Garazi Lasaren aurka. Goizeko lehenengo partidua izango da hori 18 urtez azpikoena, eta ETBk zuzenean eskainiko du partidua.

Lehen mailako finalean, Amaia Jaka izango da atentzio guneetako bat, izan ere, lehen aldia da Sakanako aurrelariak Master Cup lehiaketa batean parte hartzen duela eta oso itxura ona eman zuen aurreko larunbatean Remontival pilotalekuan. Berme osoko atzelari bat lagun duela, Maite ruiz de Larramendi, Iera Agirre eta Oihana Orbegozo izango dituzte parean pronostiko zaileko partida batean. Bi bikoteek nagusitasunez atera zituzten aurrera euren finalerdiak eta goi mailako ikuskizuna espero da pilotaleku iruindarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak