"Astana Pro Team talde barruan eginkizun desberdinak jorratzen nabil aurten. Lan desberdin hauen adibide gisa, erlojupeko garrantzitsuetan daukadan papera azalduko dizuet gaurkoan. Horretarako, Tourreko bigarren etapan egindako lana idatziko dizuet hurrengo lerroetan. Lehengo eta behin, eta normalean lasterketa baino aste batzuk lehenago, artxibo GPSa lortzea da. Artxibo honekin, altitude profila eta GPS koordenadak ordenagailuan ikusteko gai gara. Material hau izanda eta ordegailuan bertan, simulazio batzuk egiten ditugu, erlojupekoaren iraupena jakiteko, txirrindulariek landuko duten potentzia aztertzeko eta erabiliko dugun materiala (gurpilak eta garapenak) erabakitzeko. Gaur egun daukagun teknologiarekin, kurba arriskutsuak, azelerazioak eta dezelerazioak, igoerak eta jaitsierak, zehaztasun handiz aztertu ditzakegu. Honek abantaila handia eskaintzen digu, dena ondo eta denborarekin planifikatzeko.
Betalde, Tenerifen maiatzean eta ekainean egindako egonaldian, Tourrean arituko ziren zazpi txirrindulari izan genituen taldekako erlojupeko entrenamenduak egiteko. Hiru egun eman genituen, taldeko oreka, txirrindularien posizioak eta erreleboak emateko intentsitatea frogatzeko eta erabakitzeko. Datu guzti hauekin, Tourra hasi baino lau egun lehenago, Bruselasera iritsi ginen. Bi egun eman genituen, taldekako erlojupekorekin bueltaka, entrenamendu espezifikoak egiten, eta aurreikusitako material, erreleboen iraupena eta intentsitatea eta txirrindularien posizioak aztertzen. Txirrindularien iritzia oso garrantzitsua da une oro.
Froga guztien ondoren, dana prest dago. Larunbat gauean eta igande goizean txirrindularien elikadura eta hidratazioa kontuan izaten da baita ere. Energia behar da erlojupeko bat lehiatzeko. Aztertutako protokolo zehatza daukagu erlojupeko egunetarako, funzionatzen duela badakigu lasterketa askotan frogatu dugulako, horregatik beti elikagai berdinak jaten dituzte txirrindulariek, beroketa lan eta intentsitate berdinean aritzen dira erlojupeko egun guztietan. Guzti honek, mentalki segurtasun puntu bat ematen die, irteera puntuan %100 egoteko.
Oso labur eskaini dizuet erlojupeko bat prestatzeko lana, baina ikusi duzuen moduan, egun batzuk behar dira gauzak ondo eta eraginkor egiteko. Ikusi zenuten moduan, guretzako taldekako erlojupekoa nahiko ondo joan zen. 20 segundu galdu genituen Ineos taldearekin. Gure iazko erreferentzia beraiek, 47 segunduko galera izan zen, beraz aurrerapauso polita lortu dugu aurten. Egia da baita ere, aurreikusitakoa baino polikiago irten behar izan ginela, Jakob Fuglsangek larunbatean izandako erorketagatik. Lehenego hamar kilometroak %90ko esfortzuan egin genituen eta honen ondorioz zortzi eta hamabi segundu arteko galerak izan genituen.
Asteartean etxera bueltatu nintzen eta telebistatik ikusiko ditut hurrengo etapak. Hamahirugarren etapa, Pau-ko erlojupekoaren azterketa eta plangintza lana tokatzen zait egun hauetan. Espero dut, gure liderrak, Jakob Fuglsang, sailkapen nagusian aukera guztiekin iristea izendatutako egunera, beti lan aberatsagoa eta zirraragarria da, zerbait bor-bor dagoenean".