Jon Ormaetxea: "Herritarrei atletismoa gerturatu nahi diegu"

Xabier Urtzelai 2019ko uzt. 12a, 08:13
Jon Ormaetxea, Malen Ruiz de Azua eta Istar Dapena atletekin, 75. urteurreneko kartelarekin.

75 urte betetzea ez da egunero egiten den zerbait. Urteurrena ondo ospatzeko nahikoa motibo da, eta Arrasate Atletiko Taldeko ordezkariak horretan dabiltza. Maiatzaren 12an Fernando Zufiria Txufi omenduaz hasi zituzten urteurreneko ospakizunak, baina abuztuko oporralditik bueltan etorriko da hitzordu handia, Biteri plazan egingo duten atletismo erakustaldiarekin.

Ondo merezitako omenaldiarekin hasi zarete urteurrena ospatzen...

Ez dut uste omenaldi bat gehiago merezi duenik egongo denik. Txufi-k 50 urte egin ditu Arrasateko atletismoa sustatzen, eta ez dut uste Gipuzkoa osoan halako beste pertsonarik egongo denik. Eskerrak eman behar dizkiogu urte hauetan guztietan egindako lanagatik. 

Irailaren 7an Biterin egingo duzuen erakustaldian, kalera eramango duzue atletismoa. 

Ekitaldi horretako helburuetako bat da herritarrei atletismoa gerturatzea; hau da, erakutsi gura dugu atletismoa ez dela soilik korrika egitea, beste modalitate batzuk ere badaude eta. Eta, gainera, zorte handia dugu, pertikan eta salto hirukoitzean Euskadiko atleta onentsuenak herrian ditugulako. Jendeak ikus dezala zein den gazte hauek Mojategin egunero-egunero egiten duten lana. Gainera, pertika erakustaldi bat kalean ikusgarria da, uste dut herritarrek gozatu ederra hartu behar dutela. 

Puntako atletak etorriko dira. 

Halaxe da. Esan dugu Euskadiko atleta onentsuenak gurean ditugula, baina, horrekin batera, emakumezkoen pertikan Espainiako rankingeko bost atleta onenak Arrasatera ekarri gura ditugu.

Santamas krosarekin, berriz, atletismoa herritarrei gerturatzea da asmoa. 

Asmo horrekin hasi ginen Santamasetako Kuadrilen Arteko Krosa antolatzen. Aurtengoa abenduaren 15ean izango da, eta azken urteotan debagoiendarrei begira antolatzen dugun krosak indar handia hartu du. Lagun giroan korrika apur bat egiteko asmoz antolatzen dugu hitzordu hori, eta ematen ditugun sariak zelakoak diren ikusi baino ez dago herri mailako kros bat dela ikusteko, dena ez dugu-eta atletismo federatura begira bakarrik egiten.

75 urte hauetan, posible da Arrasateko atleta bat nabarmentzea? 

Oso zaila da, maila oso oneko atletak egon dira eta. Nabarmenena, akaso, Jose Antonio Gay izan zen, 1992ko Bartzelonako Joko Olinpiarretarako aurreaukeraketa taldean egon zelako. Eta gaur egun ere ikustekoa da ze mailatako atletak ditugun: Maialen Axpe, Malen Ruiz de Azua, Istar Dapena, Eneko Carrascal, Iñigo Uribarren... Hauek euren kategorietan Espainiako selekzioarekin izan dira eta oso marka onak lortu izan dituzte.

Argazki erakustaldi bat ere jarriko duzue abian. 

Urtarrilaren 31tik otsailaren 15era egongo da erakusketa hori, Kulturaten. Besteak beste, Joxe Elorza dabil lan horretan, eta dagoeneko argazki mordoa eskaneatu ditu, 200 argazkitik gora izango ditugu; neurri batean, 75 urte hauek laburbiltzen dituzte. 

Atletek Durangon jokatuko dute Euskadiko txapelketa absolutua

Asteburuan jokatuko dute, Durangon, Euskadiko txapelketa absolutua, eta Arrasateko hainbat atleta ahaleginduko dira aire libreko denboraldiko marka pertsonalak ondu eta podiumera igotzen. "5,50eko marka egin gura dut, horretarako nabil lanean", dio argi Istar Dapenak. "Dagoeneko hiru hilabete daramatzat gaueko erreleboan, eta ohitu naiz horretara. Gainera, txapelketa zapatu arratsaldean izango dugu, eta ez dut ordutegi aldaketa handirik egin beharko. Ez da erraza, baina marka horretan egoteko kapaz naizela uste dut". Egoera berean dago Malen Ruiz de Azua: "Marka pertsonala egin nahi dut. Neguan 4,38ko saltoa egin nuen eta aire librean 4,31 egin dut. Eta ez, ez naiz azken marka hori hobetzearekin konformatzen. Uste dut lortu dudana baino gehiago merezi dudala, asko entrenatu naiz-eta aurten". Bi atleta horiekin batera Eneko Carrascal, Iñigo Uribarren, Mikel Agirre eta Maialen Axpe ere Durangon izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak