Gatzagako bihurguneak 44 piloturen zain daude

Xabier Urtzelai 2019ko uzt. 12a, 09:22

Zapatuan, 14:00etan hasita, egingo dute Euskadiko Mendiko Sariko bosgarren proba puntuagarria, Gatzagara Igoera. Igoera motza denez, lau txanda egingo dituzte, Kuatruenako txaletetan hasita.

Badira bost urte antolatzaileek Arlabango mendatea baztertu eta Gatzagara Igoera errekuperatu zutenetik. Eta joan den asteko GOIENA papereko azalean bistaratu zen motiboa, mendatea egoera negargarrian dagoela, alegia: "Hor ezin da lasterketarik egin, eta pena da, pilotu gehienoi Arlabango mendatea Gatzagakoa baino gehiago gustatzen zaigulako. Oso igoera ezberdinak dira, Arlaban, esaterako, azkarra eta teknikoa da. Ikusle askok, berriz, gurago dute Gatzagako igoera, hura da garai batean egiten zen lasterketa, klasikoa, eta egia da beste xarma bat daukala", dio lasterketa auto barrutik –Renault Clio– biziko duen Gorka Idigoras antolatzaile taldeko kideak.

Lau txanda egingo dituzte 

Ibilbide laburra du Gatzagako Auto Igoerak, ez da bost kilometrotara iristen –4.800 metro–, eta antolatzaileek hiru txanda beharrean lau egingo dituzte, 14:00etan hasita. Iaz, monoplazetan, Aitor Zabaleta izan zen piloturik azkarrena (2.19.460) eta turismoetan Bruno Schererren Porsche GT autoak geratu zuen kronoa azkarren (2.36.928). Xabi Fernandez arrasatearra ere aurreko postuetako saltsan sartu zen, Seat Leon autoarekin Schererrek baino segundo eta erdi gehiago eginda bigarren postuan amaitu zuen eta.

Aipatzekoa da Mendiko Sariaren barruan uztailean egingo dituzten bi lasterketak Debagoienean izango direla, Gatzagakoaren ondoren etorriko da-eta Udanako Igoera. Uztailaren 27an egingo dute Oñatiko lasterketa eta ondoren etorriko dira Sollubeko, Jaizkibelgo eta Urrakiko lasterketak.

Debagoieneko pilotuen zerrenda:

  • Itsaso Errasti, Eskoriatza
  • Unai Jurado, Eskoriatza
  • Maialen Yarza, Arrasate
  • Ekaitz Egurrola, Arrasate
  • Mikel Oiartzabal, Esko.
  • Joseba Frutos, Esko.
  • Gorka Urrutia, Eskoriatza
  • Monika Muñoz, Oñati
  • Aitor Frutos, Eskoriatza
  • Emilio Rodriguez, Esko.
  • Gorka Idigoras, Esko.
  • Iñigo Errasti, Bergara
  • Mikel F. Arroiabe, Esko.
  • Eneko Uribe, Aramaio
  • Lucas Cruz, Aretxabaleta
  • Aitor Zabaleta, Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak