25 urte herritarrei gomendioak eskaintzen

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 10a, 17:28
Biblioporrak gidaren aurkezpenan batutakoak.

Informazio bonbardaketa handia dago aro honetan, eta zaila egiten da zer irakurri, entzun edo ikustea. Horretarako, 'Biblioporrak' gida atera dute zazpi udaletako bibliotekek elkarlanean. Aurten, 25 urte bete ditu egitasmoak, eta berrikuntzekin dator.

Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Eskoriatzako, Legazpiko eta Oñatiko udal liburutegiek, elkarlanean, Biblioporrak gida aurkeztu dute, gaur, Arrasateko Jokin Zaitegi aretoan. Hain zuzen ere, bost ordezkari izan dira bertan, eta, besteak beste, Biblioporrak gidaren bilakaera, dituen ezaugarri eta berrikuntzak eta liburutegiak ez daudela geldi azaltzea izan da aurkezpenaren funtsa. Nola ez, helburu nagusia irakurzaletasuna sustatzea da.

Aurten, 25 urte bete ditu Biblioporrak gidak, eta biblioteken gomendio ugari eskaintzen dituen liburuxkak zenbait liburu, film eta musika batzen ditu. Irakurtzen hasi berri diren haurrentzat, 6 urtetik gorakoentzat, 9 urtetik gorakoentzat, gazteentzat eta helduentzat banatuta, proposamen ugari eskaintzen ditu. Arantzazu Ibarrondo Oñatiko Udal Liburutegiko arduradunak hauxe adierazi du: "Herritarrei liburu, disko eta pelikula onak gomendatzen saiatzen gara. Kalitatea bermatzeko, aukeraketak egiterakoan, talde-lanean denon adostasuna lortu behar da, eta gure lan prozedura hobetzen joan da 25 urte hauetan. Ikasiaz joan gara, liburuak irakurri, aukeratu, beste batzuk baztertu… aurrelan handia dago atzetik, produktu interesgarri bat plazaratzeko. Gidaren garapena handia izan da urte hauetan, irakurri nahi denaren aukeraketa errazteko asmoz. Liburu zerrenda soil batetik hasi ginen, liburuaren azaleko argazkia ezarri genuen, eta, gaur egun, gomendioak ezarri ditzakegu. Hori horrela, uste dut emaitza oso ona dela".

Urte hauetan guztietan gidaren diseinuan izan dituzten aldaketak ere izan dituzte hizpide. "Beti mantendu dugu paperezko euskarria, baina aurten, liburuxka sendoagoa atera dugu. Aurten, esfortzua egin dugu 25 urteak ospatzeko, eta uste dugu gustukoa izango dela herritarrendako".

Helburua, irakurzaletasuna

Irakurleari informazioa, orientazioa eta aukera zabala eskaintzea da Biblioporrak gidaren helburua. Honela adierazi du, aurkezpenean, Asun Agiriano Arrasateko haur bibliotekariak: "Urtero liburu berriak sartzen ditugu gidan, baina, azken 25 urteetako gidak aztertu, eta horietatik ere hainbat berreskuratu ditugu. Nolabait, hainbeste libururen artean, onenak edo literaturaren historian mantendu direnak edo irakurtzeko aproposenak direnak aukeratu ditugu. Honekin batera, azpimarratu gura nuke urtean bi gida izaten ditugula, orain atera duguna eta neguan ateratzen dugun neguko gida".

Berrikuntza, ikus-entzunezkoa

25 urte hauek ospatzeko, eta Internet bidez jende gehiagorengana hurbiltzeko asmoz, ikus-entzunezkoa ere egin dute edizio honetan. Honen berri Legazpiko bibliotekako arduradun Jasone Erostarbek eman du: "25 urte lanean ari garela esateko eta jende gehiagorengana heltzeko bideo bat ekoitzi dugu. Liburu formatuaz gain, online ere ari gara zabaltzen edukia, eta ezinbestekoa da hori. Hala, gidan dauden liburuak beste gailu batzuetan ere erabili daitezke".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak