Euskadiko liburutegi digitalak, urteko lehen seihilekoan, 30.206 lan mailegatu ditu (iaz epe horretan baino 3.955 gehiago), eta 3.162 erabiltzaile berri irabazi ditu, guztira, 32.899. 2019an, orain arte, eskaera gehien honako lan hauek jaso dute: John Anduezaren Larunbatean Bukowskin; María Dueñasen Las hijas del Capitán; eta Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa lanek. Iaz gehien eskatutako 20 maileguen artean, hamar euskarazkoak dira eta beste hamar gaztelaniazkoak. eLiburutegiak eskainitako filmei dagokienez, eskaera gehien Asier Altunak zuzendutako Amama,eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filmek izaten jarraitzen dute. Hirugarren tokian Max Lang-ek eta Jakob Schuh-ek zuzendutako El Grúfalo animazio-filma agertzen da.
Urteko lehen erdian gehien mailegatu ziren bost lanetatik lau euskal egileenak dira; kasu honetan, John Andueza, Harkaitz Cano, Jon Arretxe eta Fernando Aramburu. Halaber, mailegatutako 20 lanetatik 11 emakume idazleen lanak dira.