Bi debagoiendar 'EuskarAbentura' espedizioan

Maialen Regueiro 2019ko uzt. 3a, 09:42

Maulen abiatu da 'EuskarAbentura 2019' espedizioa eta 121 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez. Debagoienetik bi ordezkari izango dira espedizioan, Irea Egaña oñatiarra eta Kattalin Linazisoro aretxabaletarra.

Espedizioan parte hartuko duten 121 gazteek, 798 kilometroko egingo dituzte, Euskal Herria oinez zeharkatuz. Ibilbidea hainbat etapatan banatuta egongo da, lehena honako hau izango delarik: Maule-Pagola (uztailaren 2an), Pagola-Jutsi (uztailaren 3an) eta Jutsi-Garazi (uztailaren 4an). Ibilbideak ez dira maldatsuak eta luzeak izango, baina gogor xamarrak izan daitezke.

Horrez gain, parte-hartzaileek ibilbidearen %95a baino gehiago Donejakue bideko adarretan egingo dute: bide frantsesa Mauletik Vianaraino, barnealdeko bidea, Gesaltzatik Iruneraino eta kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino.

Sare berria

Espedizio honen helburu nagusia da hain zuzen ere, neska-mutil euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea. Horretarako, esperientzian zehar Belaunaldi arteko eguna izeneko bi ekimen izango dituzte non, EuskarAbenturak izan dituen bi ediziotako gazteak elkar ezagutuko diren.

Esperientzia nomada

121 gazteekin batera, esperientzia nomada biziko duten xerpa, osasun, komunikazio eta logistika taldeko 25 lagun arituko dira. Hala, espedizioan taldeka arituko dira, talde bakoitzak erreferentziazko begirale bat izango duelarik.

'EuskarAbentura' aplikazioa

Espedizioan parte hartu ezin izan dutenek, aplikazioaren bitartez jarraitu ahal izango dute bertatik bertara gertatzen dena. Codesyntax enpresak garatu du aplikazioa eta Android zein iOS gailutarako dago erabilgarri.

Espedizioa mapa batean proiektatuta egongo da, geolokalizazioari esker. Gainera, aplikazioaren bitartez, etapa bakoitzaren xehetasunak jakin ahal izango dira. Multimendia atala ere badauka aplikazioak, non parte-hartzaileen argazki zein bideoak erakutsiko diren. Horrekin batera, gazte bakoitzaren profil-fitxa ere egongo da ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak