Foru Aldundiak 9 milioi euro banatuko ditu euskarazko hedabideen artean

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko uzt. 2a, 15:58

Goiena eta Puntua aldizkiari batzuk.

Hiru urtetako 9 milioi euro banatuko ditu euskarazko hedabideen artean Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak, euskal erakundeen eta sektorearen artean lortutako akordioak ezarri bezala.

2019-2021 aldirako Gipuzkoako herri edo eskualde mailako euskarazko hedabideei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia argitaratu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hiru urteko epe horretan, guztira, 9.186.840 euro banatuko ditu Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak.

Dirulaguntza hauen jatorria dago Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen arteko hitzarmenean. Hitzarmen hori Donostian aurkeztu zen joan zen martxoan. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adostutako lankidetza hitzarmen horretan zehazten dira erakunde bakoitzak izango dituen betebeharren banaketa. Helburua bakarra: euskarazko hedabideen jardueraren finantzaketa publikorako sistema berri bat sortzea.

Sektorearekin hausnartuta eta adostuta

Erakundeen arteko hitzarmen horretara iritsi ahal izateko, aurretik lan luze bat egin dute herri erakundeek eta euskarazko hedabideen sektoreak, Hekimen-en eta Tokikom-en bitartez.

Jatorria 2017. urtearen hasieran dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak hedabide hauen etorkizunaren inguruko gogoeta bat abian jarri zutenean. Eusko Jaurlaritza bildu zen geroxeago, eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek ere bat egin dute gogoeta horretatik ateratako planteamenduarekin.

Adostutako hitzarmenaren lehen oinarria izan da euskararen sustapenean hedabide hauek daukaten garrantziaren aitortza. Hortik abiatuta, sektorea egonkortzeko eta sendotzeko eredu berri bat bilatu da, euskarazko komunikabideek ahalik eta egokien bete dezaten euskaraz informatzeko eta eduki interesgarriak sortzeko beren zeregina.

Foru aldundiek, idatzizko hedabideak

Orain arte bezala, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek diruz lagunduko dute euskarazko hedabideen jarduera, baina hemendik aurrera erakunde bakoitzak hedabide zehatz batzuk laguntzeko ardura hartuko du. Batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek beren lurraldeetako idatzizko hedabideak sustatzeko eta diruz laguntzeko ardura hartuko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak deialdi honen bidez egin duen moduan. Eusko Jaurlaritzak, bestetik, euskararen lurralde osoa hartzen duten izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak babestuko ditu, bai eta lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak ere.

Dirulaguntzaren ezaugarriak

Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako oinarrietan definitzen dira, besteak beste, dirulaguntza jaso dezaketen hedabideek bete beharreko baldintzak maiztasunaz, formatuaz eta edizio digitalaz. Dirulaguntza hauen bitartez diruz laguntzeko modukoak diren hedabideen hiru urteko jarduerak lagunduko dira, 2019ko urtarrilaren 1etik hasi eta 2021eko abenduaren 31ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak