Foru Gobernu berrian egongo dira Aintzane Oiarbide eta Rafaela Romero

Xabier Urtzelai 2019ko eka. 29a, 15:35
Aintzane Oiarbide eta Rafaela Romero.

Astelehenean ekingo dio Foru Aldundiak 2019-2023 legealdi berriari. Atzo, egubakoitza, egin zen Batzar Nagusietan inbestidurarako osoko bilkura, eta Markel Olano aukeratu zuten Gipuzkoako Diputatu Nagusi. Horrekin batera, Foru Gobernu berriko izendapenak ere jakinarazi zituzten, eta bertako kide izango dira Rafaela Romero eta Aintzane Oiarbide.

Astelehenean egingo dute, baita ere, Foru Gobernu berria eratzeko batzarra. Bertan, EAJ-PNVk eta PSE-EEk joan den eguaztenean sinatutako akordio programatikoa garatzeko helburua izango duten diputatuak aurkeztuko dituzte. Eta tartean izango dira Rafaela Romero (PSE-EE) eta Aintzane Oiarbide (EAJ-PNV). 

Rafaela Romero (Badajoz, 1972) izango da hurrengo Foru Gobernuaren aurpegi berrietako bat, Marisol Garmendiaren lekukoa hartuta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan. "Garraio publikoko sistema osoa hobetzea izango du lehentasun arlo horrek, jasangarritasuna eta intermodalidadea ardatz gisa hartuta. Aurreikusitako jarduera garrantzitsuenen artean, hauexek: Loiolako Erriberetako Aldageltokia martxan jartzea, Mugi sistema eta horri lotutako deskontuak garatzen jarraitzea, edo bizikleta bideen sarea hedatzea izango ditu".

Aintzane Oiarbidek (Errenteria, 1964), berriz, Bide Azpiegituretako departamentuaren kudeaketa hartuko du bere gain. "Deskargako Autobidearekin gaitasun handiko errepideen sarea edo Gipuzkoako Biribilgunea amaitu ondoren, departamentuak hainbat jarduera burutuko ditu sarea hobetzen jarraitzeko, Donostia edo Andoaingo sarbide berriarekin, esaterako; eta sarearen modernizazio adimentsua eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, enpresen lehiakortasunean, eta lurralde orekan lagunduz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak