Leintz Gatzagako Jakion enpresak kokapen berria izango du. Maiatzean, Xoconostle enpresak erosi zuen, eta orain jakinarazi berri dute enpresa Eskoriatzako Torrebaso Poligonoko lokal batera lekualdatuko dela. Erabakia Deba Bailarako Industrialdea SArekin eginiko akordioari esker hartu dute, eta oraindik zehazteke dago aldaketa noiz gauzatuko den. Bitartean, enpresak Leintz Gatzagan duen lantokian jarraituko du lanean.
Susana Aiastui Jakion enpresako gerenteak jakinarazi du kontserben merkatua gero eta "konplexuagoa eta zorrotzagoa" dela eta egoera berrira egokitzeko beharrezko inbertsioari ezin ziola bakarrik aurre egin Jakion enpresak. Ondorioz, "merkatuan sendotu, indartu eta hazteko helburuarekin" Xoconostle enpresak erosi duela.
Aiastuik gaineratu du Jakionen inbertsioa "bat datorrela" Xoconostleren helburu sozialarekin: " Urte askotako lanaren ondorioz egindako Jakionen aktiboa galtzea saihestu nahi du Xoconostlek, eta, horretarako, ikuspegi berria eta ekoizpen eta merkaturatze ahalmen berriak emango dizkio".
Xoconostle, enpresen batura
Xoconostle EAEko hiru lurraldeetako hainbat enpresaren elkartzearen ondorioz sortu zen 2018an. Bizkaiko Garaia eta Barrenetxe kooperatibek, Arabako Garlan kooperatibak eta Gipuzkoako Hortikultura Alberro enpresak osatzen dute. "Guztiak ere kalitate handiko euskal nekazaritza produktu askoren ekoizleak", dio Aiastuik.
Hain zuzen, Xoconostle enpresaren bosgarren bazkidea, berriz, Bilbon egoitza eta Londresen eta Liman filialak dituen Fresh Business Food & Nutrition enpresa da.
Jakion, 1996a ezkero lanean
Jakion 1996an Debagoieneko baserritar batzuek bailarako udalekin elkarlanean sortu zuten. Orain, jabetza aldaketa hau dela eta, Jakion enpresan partea zuten baserritar eta udal guztiek beren zatia Xoconostleri saldu diotela jakinarazi du Aiastuik. Ibilbide berri honetarako, Eskoriatzako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia du Jakionek.