Tenperatura itogarriak neurtu dituzte Debagoienean egunotan

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko eka. 28a, 08:41

Oñatiko ur-uhinak (Argazkia: Imanol Soriano)

Debagoieneko lau estazioetako datuek azken egunetako tenperatura altuak jaso dituzte. Kaleko termometroetan 40 gradutik gorako zifrak ikusi badira ere, estazioetakoak ez dira 40ra heldu. Hala, eguaztenean, 38 gradu izan zen neurtutako tenperatura altuena San Prudentzion, arratsaldeko lauretan. Egueneko maximoa berriz Oñatiko irakurketan jaso zuten, 39,1 gradu, hori ere 16:00etan.

Iragarpenek ez dute hutsik egin eta bero asko egin du aste honetan, bereziki sargori egon da eguaztenean eta eguenean. Tenperatura altuenak 40tik hurbil gelditu dira eta baxuenak nahiko altuak izan dira. Bi egunetan Arrasaten izan dute tenperatura baxuena, 15,7 neurtu zuten eguaztenean 04:50ean, eta eguenean 16 gradu 03:50ean.

Gauetan kosta egin da hoztea eta 23:00etan oraindik 20 gradutik gorako tenperaturak neurtu dira. Gainera, gauetan hezetasunak gora egin du nabarmen.

Bataz besteko tenperaturak ere altuak izan dira, Urkulun neurtu dituzte altuenak, eguaztenean 27,7 gradu eta eguenean 29,5.

Tokia Eguaztena, 26 (max) Eguaztena, 26 (min) Eguena, 27 (max) Eguena, 27 (min)
Urkulu, Aretxabaleta (15:30) 35,2 (04:20) 17,2 (15:50) 37,1 (02:00) 16,7
Oñati (15:20) 37,4 (05:40) 17,7 (16:00) 39,1 (05:00) 16,3
Arrasate (15:00) 36,3 (04:50) 15,7 (16:40) 34,8 (03:50) 16,0
San Prudentzio (Bergara) (16:00) 38,0 (05:00) 17,7 (16:40) 38,3 (04:40) 16,5

Hala ere, iragarpenen arabera, asteburuan tenperatura apur bat jaitsiko da eta astelehenean, uztailean sartzearekin batera, tenperatura beherakada eta euria espero da.

Oharra: Euskalmeteko Debagoieneko lau irakurketa guneak ez dira berdinak; Urkulukoa Aforokoa da, Oñatikoa eta San Prudentziokoa Kalitatezko moduan daude sailkatuta eta Arrasatekoa Meteorologikoa da, datu gehien bertan jasotzen direlarik. Informazio gehiago Euskalmeteko webguneko atal honetan.

Astebururako Euskalmeten iragarpena

Hilak, 28, egubakoitza

Hegoaldean eguraldiak ildo beretik jarraituko du; eguzkia izango da jaun eta jabe. Bero handia egingo du berriro ere eta tenperatura maximoak 36-38 ºC ingurukoak izango dira. Kantauri isurialdean, aldiz, zerua tarteka hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin, batez ere egunaren amaieran; tenperatura maximoak 30 ºC inguruan geratuko dira Kantauri barnealdean eta 25 ºC inguruan kostaldean, iparraldeko haizea nagusituko baita.

Hilak 29, zapatua

Berriro ere tenperatura igo egingo da barnealdean. Ipar isurialdean goizean goiz eta azken orduetan behe-hodeiak izango ditugu, aldiz eguerdian giro eguzkitsua gailenduko da eta arratsaldean ere eguzki tarteak izango ditugu. Hegoaldean zerua nahiko garbi egongo da egun osoan. Tenperaturari dagokionez, maximoak igo egingo dira Araban eta Nafarroa hegoaldean, 35-40 ºC arteko balioekin; igoera Kantauri barnealdean ere nabarituko da, aldiz kostaldean balio suabeagoekin jarraituko dute.

Hilak 30, domeka

Ekaina tenperatura baxuagoekin eta euria egiteko posibilitatearekin amaituko dugu. Lainotu samar esnatuko da eguna, batez ere ipar isurialdean. Arratsaldean giro eguzkitsua nagusituko da, baina egun amaieran bero-hodeiak garatuko dira eta baliteke gauean zaparrada trumoitsuren bat botatzea, batez ere ekialdean. Iparraldeko haizea ibiliko da, eta iluntzerako iparraldeko fluxu hori Nafarroa hegoalderaino iritsiko da freskura apur bat eramanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak