Bardozeko erailketa matxista salatzeko hainbat elkarretaratze deitu dira gaur arratsalderako

Maialen Regueiro 2019ko eka. 27a, 12:23

Urruñako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zen Arrasaten (Irudia: Jokin Bereziartua)

Bardozen (Lapurdi) 72 urteko emakume bat tiroz hilik aurkitu zuten, martitzenean eta bere ondoan, 90 urteko senarra ere tiro batez bere buruaz beste eginik zegoen. Hala, astebetean bi erailketa matxista izan dira Euskal Herrian eta horiek salatzeko, elkarretaratzeak egingo dira, gaur arratsaldean, Arrasate, Bergara, Oñatin eta Antzuolan.

Arrasate, Oñati eta Bergaran, herriko plazan elkartuko dira erailketa matxista salatzeko, 19:00etan. Antzuolan berriz, Zurrategi plazan izango da hitzordua, 19:30ean.

Emakumeen Mundu Martxaren adierazpena

Emakumeen Mundu Martxak honako hau adierazi du ohar baten bidez: "Azken urteotan indarkeria matxistaren eta sistema kapitalista patriarkalaren ondorioz emakumeok izugarrizko sufrimendua pairatzen dugu azken muturrean erailtzen gaituztelarik. Honekin amaitu beharra dago, horretarako orain arte bezala Mugimendu Feministan lanean jarraituko dugu jendartea sentsibilizatzen eta biktimei gure babesa eta laguntza eskaitzen. Ez dugu atzera pausorik emango borroka honetan, gure eskubide eta askatasunak ezin dute mugarik izan, indarkeria matxistak ezin du lekurik izan gure gizartean. Nazkatuta gaude erasotuak eta erailak izateaz! Indarkeria sexitari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Bardozeko erailketa eta ekainaren 27an Hego Euskal Herrian eta 28an Bardozen egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, denak aske izan arte". 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak