Eratu dituzte Batzar Nagusiak eta Xabier Ezeizabarrena jeltzalea izendatu dute lehendakari

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 19a, 15:38

Gipuzkoako Batzar Nagusiak eratu dituzte gaur goizean, eta kargua hartu dute batzarkideek, horien artean bost debagoiendarrek: Bergaran bizi den Aintzane Oiarbide jeltzaleak eta EH Bilduko Mikel Biain oñatiarrak, Aitor Aranzabal eta Iker Intza bergararrek eta Eneritz Otamendi eskoriatzarrak.

XI. agintaldia abian jartzeko bilkura goizean egin dute Batzar Nagusietan. Adineko Mahaia osatu dute lehenengo: batzarkide nagusiena, PSE-EEko Julio Astudillo izan da mahaiburua eta EH Bilduko Iker Intza bergararra eta Maitane Gonzalez, bi batzarkide gazteenak, lehendakariorde eta idazkari. 51 ordezkariei banan-banan deitu diete eta norbera bere lekuan eseri da. Hiru bozketa egin dituzte orduan, Mahaia eta Batzar Nagusietako lehendakaria aukeratzeko. 

EAJko Xabier Ezeizabarrenak 30 boto jaso ditu (21 boto zuri) eta lehendakari izendatu dute gehiengo osoz. Mahaiko beste lau kideak izendatu dituzte ondoren: EH Bilduko Ernesto Merino, lehenengo lehendakariordea; PSE-EEko Julio Astudillo, bigarren lehendakariordea; Elkarrekin Podemoseko Victoria Eizaguirre lehenengo idazkaria; eta EAJko Saioa Bandres bigarren idazkaria.

Batzar Nagusietan 51 ordezkari daude; hogei EAJkoak, hamazazpi EH Bildukoak, bederatzi PSE-EEkoak, lau Elkarrekin Podemosekoak eta bakarra, PPkoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak