Andoni Azkarate: "Ondo nago, paparrean dut kolpea, bazter-babesa jo nuen-eta"

Xabier Urtzelai 2019ko eka. 18a, 10:03
Andoni Azkarate ziklista arrasatearra –Eulen taldea– domekako erorikoaren zauriarekin. Onik dago, eta asteburuko lasterketetan esku hartzeko gogoz. (Argazkia: David Etxebarria / Twitter).

Grupo Eulen taldeko txirrindulari Andoni Azkarate arrasatearrak susto ederra hartu zuen domekan Euskadiko Txapelketan. Sustoa Azkaratek, eta baita errepide bazterrean aurkitu zuen taldeko zuzendari David Etxebarriak ere, sare sozialetan zabaldu moduan: "2019an gaude eta bide bazterrean aiztoak diruditen bazter-babesekin jarraitzen dugu". Azkaratek asteburuan hiru lasterketa ditu jarraian, eta irteera puntuan egon gura du. 

Domekan Markinan jokatu zuten Euskadiko Txapelketa preziatua. Eta, amateur mailan lehenengo urtea egiten dabilen Andoni Azkarate arrasatearrak Gontzegaraigane mendatea jaisterakoan izan zuen erorikoa: "Azkar gindoazen eta nire aurretik zihoan txirrindulariak azkarregi hartu zuen zuzen baten ostean eskumatara zetorren kurba. Lurrera erori zen, kurbaren kanpoaldetik ahalegindu nintzen hura saihesten eta nire gurpilek ere irrist egiten zutela ikusi nuen. Bazter-babesaren oinarriarekin hartu nuen kolpea, eta kamisetatik zintzilik geratu nintzen".

Kolpea matrailezurrean, zauria belarrian, eta lepoan hasi eta bularrean amaitzen den ebakia ditu arrasatearrak. Txapa eta pintura, txirrindularien argotean, baina lepotik hasi eta bularreraino doan ebakiak erakusten du larriagoa izan zitekeela, bazter-babesak izugarri arriskutsuak direlako. Hain zuzen, horiek kentzeko eskaera egiten dabiltza txirrindulari eta moto gidari asko eta asko, eta horrexegatik egin ditu publiko David Etxebarriak argazkiok. Eta, dagoeneko asko dira babesa erakutsi dutenak.

David Etxebarriaren txioa.

Asteburuan hitzordu hirukoitza dute

Azkarate onik dago, sustoa baino ez da izan: "Bizikletan ez naiz ibili, atzo Besaidera joan nintzen oinez ibiltzera, eta gaur buelta bat emateko asmoa dut, ea gorputzak zelan erantzuten duen". Asteburuan Seguran, Berriatuan eta Tolosan lasterketak dituzte: "Zuzendariarekin berba egin ondoren ikusiko dugu ze lasterketetan har dezakedan esku. Seguru aldapa behera akordatuko naizela domekan izandako erorikoaz, baina emango diogu buelta".

Andoni Azkarate, aurtengo Gorlako Igoerako helmugan, GOIENArekin berbetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak