Debagoieneko idazleen lan berriak irakurgai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko eka. 15a, 10:09

El ultimo fotograma idatzi duten Koldo Anasagasti eta John Andueza, erdian, Isa Gonzalez eta Joseba Pauloren editoreekin. Argazkia: Marian Porcel.

Labetik atera berri diren askotariko liburuak daude aukeran; helduentzako eleberriak eta gazteleraz idatzitakoak dira gehienak, eta udazkenean, ibarrean sortutako beste hainbat lan argitaratuko dira, erakundeek lagundutako euskarazko kontakizun berriak.

John Andueza arrasatearrak eskarmentua du idazle moduan; zazpigarren liburua aurkeztu du Bilbon astean, El último fotograma; oraingoan, Koldo Anasagastirekin elkarlanean eta gazteleraz idatzita. "Aspaldiko laguna dut Koldo. Ikus-entzunezkoetan ibilbide luzea du, Euskal Telebistaren hastapenetan zuzendaria, 90ko hamarkadan Donostia Zinemaldiko zuzendaria, eta geroago ekoiztetxe askotan ibilitakoa. Orain dela hiruzpalau urte, liburu baterako landutako argumentu batekin etorri zitzaidan; istorioarekin maitemindu, eta elkarrekin idaztea proposatu nion".

Bakoitzak bere ekarpenak eginda, lau eskutara idatzita dagoela dio Anduezak: "Hasierako txinparta, istorio eta bizipenak ekarri ditu, bereziki, Koldok, eta idazten pisurik handiena nik hartu dut; hala ere, kapitulu bakoitza hasi aurretik eta bukatutakoan, berba asko egiten genuen dena adosteko. Analista itzela da, pertsonaien nortasunak eta elkarrizketak oso ondo definitzen ditu".

Errealitatea eta fikzioa, batuta

1991ko Donostia Zinemaldian kokatutako misteriozko istorioa da, eta Denis kazetaria da protagonista. "Garai batean idatzitako kronika batzuk aurkitzen ditu, eta horietan, urte hartako Zinemaldian gertatutako hainbat pasarteren berri jakingo du. Hortik tiraka, ezkutatutako hainbat sekretu aurkituko ditu".

Fikziozko istorio bat dela dio, errealitatetik asko duela gaineratuta. "Oinarrian errealitatea da, 1991ko Zinemaldian egon ziren aktoreak, zuzendariak eta bestelakoak agertzen dira, eta baita hainbat gertaera ere; eta hortik abiatuta, hori guztia, marko moduan erabilita, garatzen da fikzioko istorioa. Gure helburua irakurleari jolas bat proposatzea izan da".

Bilboko Ediciones Civicas argitaletxearekin atera dute liburua; izan ere, urtean behin egiten duten deialdira aurkeztu zuten Anduezak eta Anasagastik lana, eta aukeratu egin zuten. Martitzena ezkero, liburu-dendetan eta Edicionescivicas.org atarian eskura daiteke.

Eusko Jaurlaritzaren bekarekin

Euskarazko literatura lanak sustatzeko helburuarekin, Kultura Sailak hainbat dirulaguntza ditu. Urtero deialdi bat egiten dute eta hamar beka ematen dituzte. Bi modalitate daude, eta bakoitzerako bosna beka: edozein publikori zuzendutako eleberri laburrak idazteko, batetik, eta gazte literatura idazteko, besteak.

Iazko deialdian lortu zuen Anduezak gazteentzako literaturako dirulaguntzetako bat, eta, bultzada horrekin, datorren udazkenean kalean izango du Magali ez dago bakarrik. "Aurkezteko baldintza berezirik ez dago, edonor aurkez daiteke. Diruz laguntzen dena idaztea da; hortaz, bederatzi hilabete dituzu liburua idazteko –gutxieneko neurri eta bestelako ezaugarriak; esaterako, aurkeztutako ideia edo istoriori fidela izanda–, eta hor bukatzen da Kultura Sailarekin duzun harremana. Argitaratzea idazlearen kontura doa. Aurrez ere eurekin lan egindakoa naizenez, Elkarrekin egin nuen berba, eta baiezkoa eman zidaten; Taupada bilduman argitaratuko dute".

Elgetan eta Bergaran kokatutako istorioa kontatzen du Magali ez dago bakarrik liburuan: "Protagonistak 17 urte inguruko gazteak dira, eta, egia esan, istorio gogorra da, gazteen arteko eraso, jazarpen eta biolentziari buruzkoa".

Porcel eta Urzelai, bide beretik

Aurtengo deialdia aurreratu egin dute, udaberrian egin dute eta dagoeneko eman dituzte sarituen izenak ere; horien artean Debagoieneko bi daude: Marian Porcel arrasatearra eta Andoni Urzelai aretxabaletarra.

Urzelai lehenengo aldiz aurkeztu da, eta eleberri laburren atalerako lortu du, Ametsen fabrikatzailea lana idazteko: "Psikiatra bat du protagonista nobelak; psikiatra maltzur eta handiuste bat, zeinek boterea bildu eta ingurukoak kontrolatzea duen helburu. Narrazio linealeko kontakizuna barik, kapitulu laburretan dago egituratua, bakoitza ia-ia ipuin labur gisara eraikia, poliki-poliki osatzen doan puzzle bateko piezak bezala".

Datorren urteko udazkenerako bukatu beharko du, eta ahaleginduko dela argitaratzen dio; hori eginez gero, bosgarrena litzateke; aurrez, Haginkada, Zirkulua, Karanbola Toxikoak eta, gazteleraz, Demencia argitaratu ditu.

Aurkezten den bigarren deialdia da, berriz, Marian Porcelendako, eta gazteendako istorio berri bat proposatu du oraingoan: "Aldaketa klimatikoaren gaia gazteen artean puri-purian dago eta niri ere asko interesatzen zait; hortaz, horren bueltan sor - tutako istorioa da. 16 urteko neska eta 17 urteko mutila dira protagonista; neskan ingurumen arloan aktibista borrokalaria da, eta mutila, berriz, bere munduan bizi den pasota bat. Elkar ezagutuko dute, lagun egingo dira, eta, ingurumenarekiko kezka biena bihurtuko denez, zerbait handia egiten saiatuko dira...".

Datorren urteko udazkenerako idatzi beharko du Porcelek ere lana eta argitaratzen saiatuko dela dio; bere bigarrena izango da, aurretik, gazteleraz, Todo saldrá bien idatzi zuen.

Dirulaguntzak jaso aurretik ere idazten zuten arren, Kultura Sailak edo bestelako erakundeek ematen dituzten laguntzak asko eskertzen dituztela diote Anduezak, Porcelek eta Urzelaik: "Bakarka eta denbora luzez lanean ibiltzen gara idazleak eta horrelako laguntzek bultzada ekonomiko bat ematen dizute, eta asko eskertzen da".

Agustin Zubikarai beka

Udalek bultzatutako hainbat beka ere badira: Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak, (H)Ilbeltza izenekoa eskaintzen dute urtero, eta Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Agustin Zubikarai izenekoa.

Eneko Barberena arrasatearrak jaso zuen iaz Agustin Zubikarai saria, eta udazkenean argitara - tuko du, Afrikaners helduentzako eleberria. "Hamar bat urte barruko Arrasaten kokatuta dago, eta ditudan hipotesi batzuen arabera irudikatu dut. Hainbat gai jorratzen ditut, horien artean, etorkinen gaia, eta funtzionario batek duen konflikto pertsonala ustelkeriaren aurrean".

Laugarren liburua izango da hori, aurrez, Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk, Lurrunak ez du kristalik estali eta Martin Larralde idatzi ditu .

Autoekoiztutako liburuak ere bai

Josune Murgoitio arrasatearrak, Colores prohibidos eleberriaren ostean, Viaje Turquía. Mujeres en Marmaria, Estambul y Diyarbakir izeneko bidaia liburua argitaratu berri du. "Turkiako hainbat tokitan, bakarrik, egin nuen ibilbidea kontatzen dut; ez da, baina, bisitatzea merezi duten tokien zerrenda edo azalpen hutsa bakarrik; izan ere, eremu batetik bestera emakumearen egoera zelan aldatzen den ere jaso dut. Amazon-en eta Arrasateko Iturri tabernan eta Arana Ezkurra estankoan eros daiteke".

Konstelazio familiarrei buruz

Astean aurkeztu du Sara Vitoria psikologo arrasatearrak No entiendo a mamá liburua. Aurkezpenean kontatu zuen ipuinaz gainera, konstelazio familiarrei buruzko azalpenak jasotzen ditu. Liburua erosteko: Whatsappez (658 72 09 87), noentiendoamama@gmail.com helbidera idatzita, Goxo Goxuan eta Belar fisioterapia zentroan.

David Agirrek, bigarrena

Udaberrian kaleratu du David Agirre aretxabaletarrak Camina despacio, muy despacio liburua; haren bigarren lana da. Orain dela hiru urte, Triángulos en la cueva argitaratu zuen. Lan berrian hainbat gai landu dituela kontatu du idazleak: "Harrokeria, apaltasuna, diru-gosea eta politika, besteak beste", eta zera gaineratu du: "Liburua irakurtzeak ibilbide bat egitea dakar, eta, horren bidez, irakurlearen jakin-mina piztuko duen ikuspuntua aurkituko du". Herriko dendetan eros daiteke.

Ilustratutakoak ere, aukeran

Usoa Mendikute Bergarako ilustratzaileak Sardiniako Cinzia Tuveri idazlearekin elkarlanean aurrez italieraz argitaratu zuen Vera Mongolfiera haurrentzako liburuaren gaztelerazko bertsioa –Vera la soñadora– aurkeztu zuen Bergaran apirilean; Babidibulibros.com atarian eskura daiteke.

Helduentzako ilustratutako liburuak gustuko izanez gero, MUko irakasle Monika Madinabeitiak idatzi duen eta lankide dituen Yera Sanchezen eta Maitane Pueblaren irudiekin osatu duen Petra, my Basque Grandmother ingelesezko proposamen bitxia ere hor dago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak