Koldo Martinez, Geroa Bai: "Gobernu aurrerakoi, plural eta egonkorraren alde ari gara Nafarroan"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko eka. 14a, 13:00

Une erabakigarriak bizi ditu Nafarroak, duela lau urteko bolada amaitzear izan daitekeelako. Aldaketari eustea beharrezkoa dela dio Koldo Martinez eskoriatzarrak.

Duela lau urte Nafarroan hasi zen aldaketa politikoa behin betiko bukatu da?

Ez, ez, inolaz ere ez. Orain dela lau urte aldaketa posible izan zen PSNren beharrik ez zelako, baina orduan ere esan genuen guretzako inportantea zela alderdi sozialistarekin ere kontatzea. 26 izan beharrean 33 izango ginateke eta horrek berme handiagoa emango liguke aldaketa sakonagorako. Duela lau urte hasitako bideari eutsi egin behar zaio.

Maiatzaren 26eko hauteskundeetako emaitzekin pozik?

Aldaketaren aldeko laukoak ez zituen 26 parlamentari edo gehiago lortu, batez ere Podemosen deskalabru ikaragarriagatik. Geroa Baik, aldiz, 10.000 boto gehiago izan zituen, nahiz eta lehen genituen 9 parlamentarirekin geratu garen.

Zerk ematen dizu pena edo amorru handiagoa Uxue Barkosek agintea utzi behar izatea ala Navarra Suma gobernatzen ikustea, bai Iruñean eta baita Nafarroan ere?

Biek ematen didate pena, baina batez ere eskumak izan duen gorakadak eta gobernua osatzeko daukan aukerak. Agintaldi honetan, batzuek esan izan digute azeleragailua gehiago sakatu behar genuela aldaketak azkarrago edo sakonago egiteko, baina nik esaten nuen Nafarroa erdibituta dagoela aurrerakoien eta atzerakoien artean. 1931n Fronte Popularrak Nafarroan bakarrik irabazi zuen eta bost urte geroago ezkerreko, aurrerakoi eta abertzale asko eta asko fusilatu zituzten Nafarroan. Nafarroa nolakoa den erakusten du horrek.

Ikusten duzu aukerarik Maria Chivitek gobernatzeko?

Hark hori nahi duela esaten du eta gu, Geroa Bai bezala, gertu gaude gobernu aurrerakoi, anitz eta egonkorra ahalbidetzeko. Dena den, zain gaude, ez gaude oso pozik PSNk orain arte izan duen jarrerarekin.

Ikusi behar larunbatean udalbatzen eraketan zer gertatzen den…

Hori da. Ribaforada, Biana, Zizur eta Sarriguren-Eguesen alkatetza-akordioak egitea proposatu diegu sozialistei. Kasu bitan alkatetza Geroa Bairenak izango lirateke eta beste bitan PSNrenak. Hori lortzeko ez dugu behartzen PSN bere buruari inposatu dion marra gorria gainditzera, baina oraindik ez daukagu erantzunik. Sozialistekin eta gainerako indar guztiekin izan ditugu harremanak, Navarra Sumarekin izan ezik.

Benetan posible ikusten duzue Navarra Sumaren ordezko gobernurik osatzea?

Hori da gure helburua, ez bakarrik parlamentuan, baita zenbakiak ematen duten udaletan ere. Era berean, garbi dugu Uxue Barkos ez dela izango presidentea. Maria Chiviteri dagokio gobernu alternatiboak osatzeko ardurak hartzea, hura izan baita bigarren indarra.  

EH Bilduk eta PSNk dute gobernagarritasunaren giltza?

Haiena da ardura. Esan dudan moduan, gobernu aurrerakoi, anitz eta egonkorren aldeko apustu garbia da gurea eta hori ahalbidetzen duen indar aurrerakoiari emango diogu babesa, izan bata edo bestea eta izan han edo hemen.

Ze iruditzen zaizu sozialistek EH Bilduri betoa jarri izana?

Kontua da herri batzuetan sozialistak gertu daudela EH Bilduren botoak jasotzeko, esaterako, Andosillan.

2007ko abuztutzarra berriro ez da gertatuko?

Espero dugu ezetz, baina gerta daiteke. Edozer gauza gerta daiteke, baina orduan baino baikorragoa naiz. Konfiantza dago jokoan hemen, ezer adosteko konfiantza behar da eta, une honetan, ahula da sozialisten eta bestelako indar aurrerakoien arteko konfiantza.

Navarra Sumako hautagai Javier Esparzak Pedro Sanchezi egindako eskaintza ze iruditzen zaizu?

Javier Esparzak erabaki inteligentea hartu zuen Navarra Suma aurkeztu zuenean, baina, bestetik, berehala hasi ziren akordioa egin zutenen arteko eztabaidak. Bere kartak jokatu ditu Navarra Sumako hautagaiak Madrilen, UPNren estrategia balioan jarriz. Dena den, mugatuta dauka jokalekua, PPren eta Ciudadanosen bermea behar duelako.

Uste duzu Iruñean aurkeztuko duela hautagaitzarik PSNk?

Gaur gaurkoz, esan dezaket baietz. Horrek esango luke Enrique Maya Navarra Sumako hautagaia izango litzatekeela alkate.

Asironi ikusten dizkiozu gobernatzeko aukerarik?

Une honetan ez dut ikusten EH Bildu PSN babesten eta ezta alderantziz; hortaz, zail ikusten dut aukera hori. Iruindarren zoritxarrerako, Enrique Maya izango litzateke berriro alkate.

Gaiz aldatuz, Skolae Nafarroako hezkidetza programa albiste da egunotan. Ze iruditzen zaizu?

Skolae da hezkidetza programa aurrerakoi eta berdintasunaren aldekoa. Unescok ere hala dio. Ultraeskuinak ikaragarrizko zarata atera du, baina askoz ere gehiago gara Skolaeren alde gaudenak. Geratzeko etorri da. Ez dago atzerapausorik. Gobernuan izan batzuk edo besteak.

Skolae zergatik dago epaitegian?

Nafarroan ultraeskuineko indar asko daudelako. Erabaki juridikoa Skolaeren kontrakoa izango balitz, sekulako iraultza gertatuko litzateke. Zorionez, ez dut uste gertatuko denik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak