'Ttap Nafarroa' bigarren zenbakiarekin dator

Maialen Regueiro 2019ko eka. 13a, 15:37

Ttap Nafarroa, aldizkari digitalaren bigarren zenbakia aurkeztu dute Iruñeako Katakrak liburudendan. Maiatza bukaeran aurkeztu zen lehen zenbakia, Oier Sanjurjoren elkarrizketarekin eta oraingoan, Angel Errok, Iñigo Astiz kazetari eta idazleari egindako elkarrizketa ikusteko aukera izango da. 

Lehen zenbakiaren harrera positiboa

Ttap Nafarroa-k maiatzaren 31n kaleratu zuen lehen zenbakia eta Juan Kruz Lakasta, argitalpenaren koordinatzaileak, publiko euskaldunaren artean oso harrera positiboa izan duela azpimarratu du: "Horrelako produktu berritzaile baten beharra zeukan publiko euskaldunak". 

Aldizkariak duen kolaboratzaile zerrenda ere azpimarratzekoa da. Izan ere, aldizkari digital honetan besteak beste, Anabel Arraiza, Angel Erro eta Mikel Idoate ari dira kolaboratzen. Erro eta Arraiza, esate baterako, aurkezpen ekitaldian izan dira eta aldizkari digital honetan parte hartzeko gonbita pozik onartu dutela aitortu dute. 

Digitala %100ean

Monika Belastegi, aldizkariaren zuzendariak azaldu du, publiko urbanoari enfokatutako aldizkaria dela eta mugikorretik egin daitekeen kontsumo azkarrean pentsatua dagoela. Belastegik gainera, honakoa nabarmendu du: "Aldizkaria ordu laurdenean irakurtzeko egina dago". 

Aldizkari digital honen zenbaki bakoitzak elkarrizketa edo erreportaje nagusi bat du, testuz, bideoz eta audioz landutakoa. Horrez gain, hainbat atal finko ere baditu: iritzi zutabeak, grafiko interaktiboak, zinea, musika, teknologia eta moda aholkuak… Hori guztia, Bartzelonako Esguard aldizkariaren eredua jarraituz. 

'Ttap' aplikazioa

Ttap aplikazioa deskargatuta, aldizkari digitalaren edizio bakoitza jaitsi daiteke, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaikoa, hain zuzen ere, Iruñerriko Euskalerria Irratia, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike, Debagoienako Goiena eta TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen ekimenez argitaratzen dena, Bartzelonako Esquard aldizkariaren elkarlanarekin batera. Aplikazioa, gainera, Android zein iOS gailuetan dago eskuragarri eta doakoa da. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak