Batzar Nagusietan izango diren EAJko eta EH Bilduko kideek aurkeztu dituzte akreditazioak

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 13a, 14:29

"Etorkizuneko desafioei elkarlanean helduko dion lurralde ereduaren" aldeko aldarriarekin hartu dituzte kredentzialak EAJko hogei ordezkariek gaur, ekainak 13. EH Bilduko hamazazpiek, ostera, martitzenean hartu zituzten, eta "Gipuzkoako txoko guztietako herritarrekin lanean jarraitzeko" gogoa agertu zuten.

Lan jarduna "umiltasunean" eta gizartearekin "lidergo partekatuan" oinarrituko dutela adierazi dute EAJko kideek: "Gainontzeko alderdi politikoekin eta gizarte osoarekin elkarlana ardatz hartuta", esan du Markel Olanok. Ordezkari jeltzale guztiekin batera eman duen prentsaurrekoan zera gaineratu du: "Etorkizuna Eraikizek aro berri bat ireki zuen; etorkizuneko desafioei aurre eginez lurraldea sendotu egin da eta hori guztia gizartearekin elkarlanean egin dugu, gobernatzeko modu berri baten bitartez lortu dugu". Alderdi jeltzaleak hogei ordezkari izango ditu Batzar Nagusietan (aurreko agintaldian baino bi gehiago), horien artean dago, Bergaran bizi den Aintzane Oiarbide.

Gipuzkoako "eredu sozio-ekonomikoan sakontzen jarraitzeko gizartearekin elkarlanean" jarraituko dutela adierazi dute: "Ekonomia lehiakorra eta gizarte politika aurreratuak oinarri dituen lurralde ereduan aurrera eginda, eta hori guztia, etorkizuneko desafioei heltzen dien gobernantza ireki eta kolaboratiko baten bitartez", esan du Olanok. Hain zuzen horiek izango direla gobernu programaren oinarriak gaineratu du eta datozen egunetan PSE-EErekin hasiko dituzten elkarrizketetan partekatuko dituztela.

EH Bildukoen artean hiru debagoiendar

EH Bilduk hamazazpi batzarkide izango ditu, horien artean daude hiru debagoiendar: Mikel Biain oñatiarra eta Aitor Aranzabal eta Iker Intza bergararrak. Talde "anitza, prestatua, esperientziaduna eta hainbat erakundetan erreferente izan diren kideek osatua" dela adierazi zuten martitzenean akreditazioak aurkeztean. "Lurralde orekaren alde, aberastasuna hobeto banatzearen alde" egingo dutela lan esan zuen Juan Karlos Izagirrek eta gaineratu: "Gizarte politiketan sakonduko dugu, Gipuzkoak bizi dituen gatazkak konpontzeko lan egingo dugu, ekonomia hobetzeko, benetako berdintasuna lortzeko pausoak emango ditugu, ingurumena babesteko neurriak bultzatuz eta pertsona guztien eta herri honen eskubideen alde".

Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin izan zituzten gogoan: "Gipuzkoarrei agindutakoa beste zuten. Ez zuten dirurik lapurtu, ez zuten inoren aurka egin. Gipuzkoarren alde egin zuten lan. Epaia poztekoa eta zoriontzekoa da eta garai berri bat zabaltzen da orain".

Eta Gipuzkoako eskualde eta herri guztietara joaten jarraituko dutela esanaz bukatu zuen Izagirrek: "Erakundeak herritarren tresna bihurtu nahi ditugulako".

Beste hiru alderdi

Batzar Nagusietan beste hiru alderditako ordezkariak ere izango dira: PSE-EEko bederatzi; Elkarrekin Podemoseko lau eta PPko bakarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak