Igerilekuak eta ur parkeak, gertu

Amaia Zabala 2019ko eka. 14a, 09:00
Oñatiko Udalak kontratatutako urpekariak putzua ikuskatzen bainu denboraldia hasi aurretik.

Uda gainean da eta beroari aurre egiteko ur instalazioak prest daude Debagoieneko herrietan. Eskaintza zabala da, gainera, igerilekuak, ur parkeak eta erreka baitaude aukeran; batzuk aurreratu egin dira, baina gehienak asteburuan zabalduko dituzte.

Uda denboraldiari asteburu honetan emango diote hasiera Arrasaten, bihar, larunbata, irekiko baitituzte Musakola kiroldegiko kanpoko igerilekuak, eta zabalik izango dira irailaren 15era bitarte. Ordutegia 09:00etatatik 21:00etara izango da. Ordutegiak salbuespenak izango ditu, ordea, sanjuanetan, ekainaren 23an kiroldegia 19:00etan itxiko baitute eta kanpoko igerilekua berriz, 18:30ean. Horretaz gain, San Juan egunez, ekainaren 24an, kiroldegia itxita egongo da. Bestalde, aurten, urpeko arkeologia egiteko aukera izango da igerilekuan uztailean.

Bergaran, ur txorrotak eta guzti

Bergaran, berriz, gaur zabalduko dituzte Agorrosingo kanpoko igerilekuak; aurten, gainera, berrikuntza batekin datoz, igerilekuaren alboko belargunean ur txorrotak jarri baitituzte, txikienen gozamenerako. Ordutegiari dagokionez, ekainaren 14tik irailaren 8ra 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Irailaren 9tik 13ra, berriz, arratsaldez soilik, 14:00etatik 19:25era.

Oñatin, erreka eta ur txorrotak

Oñatin ez dute kanpoko igerilekurik, baina freskatzeko au-kera zabala da, Ugarkaldeko ur uhinak eta Usako erreka baitaude aukeran. Ur uhinak martxan dira da-goeneko arratsaldeetan, eta, haurrek eskola bukatzean, ekainaren 24an, goizez ere zabalduko dituzte. Ordutegia 11:00etatik 21:00etara izango da irailaren 9ra bitarte. Orduan, berriro ere arratsaldez soilik egongo dira zabalik. Larunbat, igande eta jaiegunetan egun osoko zerbitzua eskainiko dute. Usako errekari dagokionez, ekainaren 8tik irailaren 8ra 15:00etatik 20:00etara izango du sorosle zerbitzua. Zubikoa kiroldegiaren kanpoko belardian eguzkia hartzeko gunea, berriz, maiatzaren 15ean zabaldu zuten eta uztailaren 31ra arte egongo da zabalik, abuztuaren hasieran kiroldegiko lanekin hasteko asmoa baitute. Dena den, lanak atzeratuko balira belarguneko zerbitzua ere atzeratu egingo luketela jakinarazi dute.

Aretxabaletan, belar-gunea

Aretxabaletan ez da bainua kanpoan hartzeko aukerarik, baina barruko igerilekuan bainatu ondoren kanpoan eguzkia hartu daiteke. Belargunea urte guztian zabalik egoten da, baina duela pare bat aste, herritarrek hala eskatuta, ipini dute etzaulki eta eguzkitakoekin erabilgarri. Kiroldegiko arduradunek jakinarazi dute urrira arte luzatzeko asmoa dutela, herritarrek eskatuta. Eguzkia hartzeko guneak kiroldegiko ordutegi bera izango du: astelehenetik ostiralera 07:00etatik 21:30era, zapatuetan 08:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta domeketan 09:00etatik 02:00etara.

Eskoriatzan, kanpoko igerilekua

Eskoriatzan, kanpoko igerileku txikia eta eguzkia hartzeko gunea daude. Eguzkia hartzeko belargunea ekainaren 17 tik irailaren 16ra egongo da zabalik eta igerilekuak denbora tarte laburragoa izango du, uztailaren 2tik irailaren 2ra arte, hain zuzen. Eguzkia hartzeko guneak kiroldegiaren ohiko ordutegia izango du eta igerileku txikia, aldiz, goizez soilik egongo da zabalik, uztailean 14:45etik 19:45era eta asteburuetan eta abuztuan 16:00etatik 19:45era.

Antzuolan, ur parkea

Antzuolan, ur parkea gaur bertan zabalduko dute, eta, momentuz, irailaren 15era arte egongo da zabalik; dena den, eguraldi onak luzatuz gero, urrian itxiko dute. Ordutegia 10:30etik 20:00ak artekoa da.

Aramaion, ur parkea Aramaion

Bañerako ur parkea ekainaren 7an zabaldu zuten eta irailera edo urrira arte izango da zabalik, aste barruan 16:15etik 19:00etara eta asteburuetan 11:00etatik 19:00etara. Behin ikasturtea amaitzean, ordea, asteburuetako ordutegia izango du egunero.

Elgetan, igerilekua

Elgetan, haurren udalekuen ekintzen barruan plastikozko igerilekuak jartzen dituzte egun batzuetan, eta, oraindik egunak zehazteko badaude ere, aurten ere jartzeko asmoa dutela jakinarazi du Udalak. Gaur arte dute elgetarrek udalekuetan izen emateko aukera. Igerilekua zein egunetan jarriko duten eguraldiaren arabera erabakiko dute.

Gatzagan, uraren eguna

Leintz Gatzagan ere udalekuen barruan antolatzen dute uraren eguna, eta etxeko txikienak urezko globoekin jolasten dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak