Sarako trinketean hirugarrenez jokatuko dute Euskal Herriko Eskolarteko finala, eta guztietan izan da Aitor Ugarte aramaioarra, Arabako ordezkari moduan. "Biharko gogotsu" dagoela dio, eta ez dela bereziki entrenatu gaineratu du. Ez du faboritorik ikusten: "Gipuzkoako txapeldun Aitor Tatiegi eta Xabat Illarregi nafarra aipatuko nituzke, baina egun ona izatea da gakoa. Lagun onak gara denak".
Tatiegik estreinakoz kantatuko du bihar Saran. "Selektibitatea prestatzen jardun dut; hortaz, ez dut prestatzeko eta urduri jartzeko astirik izan. Nik ere ez dut faborito garbirik, aipatzekotan, Illarregi nik ere".
Aitor Sarasuaren omenez
Irabazleari txapela Maddi Sarasuak, Aitor Sarasua zenaren alabak, jantziko diola aurreratu dute antolatzaileek: "Aitorrek bertsolaritzari egindako ekarpen handiari esker onez".