Oihana Kortazar, bailarako ordezkari onena Zegama Aizkorrin

Xabier Urtzelai 2019ko eka. 3a, 12:03

Iñigo Alzola ikusleen artean gora. Aizkorrin erretiroa hartu zuen, deshidratatuta. Argazkia: Ioseba Berezibar.

Domekan Kilian Jornetendako izan ziren Zegama Aizkorri lasterketako titular gehientsuenak, baina bailarako koadrila polita batu zen irteera puntuan –eta zer esanik ez ikusleen artean–. Beroari aurre egin behar izan zioten denek, eta denen gorputzek ez zuten tenperatura gorakadaren aurrean modu berean errakzionatu. Bada, Salomon taldeko Oihana Kortazar elgetarra izan zen debagoiendar onena, emakumezkoetan bosgarrena izan zen (4.52.16). 

Bero galanta egin zuen domekan Zegama-Aizkorri lasterketan –eta eskerrak ez zuela zapatukoa egin– eta korrikalari askok kalanbre eta giharretako arazoak izan zituzten. Erlojua alde batera utzi eta helmugara iristea ez zen erronka makala izan.

Eguneko protagonistetako bat Oihana Kortazar izan zen –ibarreko azkarrena–. Elgetarra duela urte gutxira arte mendi lasterketen munduko eliteko kide izan da, baina, lesio batengatik, ia bi urtean ez du korrika egin. Badirudi, baina, Kortazar indarrez bueltatu dela, eta domekako bosgarren postu horrek erakusten du aurrean ibil daitekeela.

Beste batzuek, berriz, gorriak ikusi zituzten. Esaterako, Iñigo Alzola arrasatearrak garesti ordaindu zuen aste barruan erdi gaixorik ibili izana. Euskal selekzioko ordezkariarendako 42 kilometroko lasterketa ez zen bere ezaugarrietara egokitzen, eta hori jakinda indarrak neurtzen ahalegindu zen: "Santi Espiritura arte nahiko ondo joan nintzen, ahaleginak neurtzen, baina Aizkorrira igotzen hotzikarak, zorabioa... Jota iritsi nintzen gora. Tontorreko aterpera sartu ninduten eta ordubete egin nuen han errekuperatzen, sueroa jarrita".

Ez zen izan lasterketa bertan behera utzi zuen debagoiendar bakarra, Iban Letamendi oñatiarrak ere orkatilan min hartuta ezin izan zuelako aurrera jarraitu. Beheko zerrendako lagunak, berriz, iritsi ziren helmugara, baina gehienek ondo sufritu zuten. Bat nabarmentzekotan Iker Badiola bergararra. Sailkapen orokorrean azken bigarren postuan helmugaratu zen, bi minutuko tarteagatik soilik gainditu zuten gehienezko denbora tartea (7.58.21), eta pozez zoratzen gurutzatu zuen helmuga. Bertan zeuden ikusleek txalo zaparra artean hartu zituzten azken korrikalariak, zerbaitengatik da Zegama Aizkorri.

Bailarako korrikalariak

  • 76. Oihana Kortazar Aranzeta, 4:52:16 
  • 87. Asier Alonso Korkostegi 4:56:53
  • 183. Saioa Arkonada Perez 5:37:25
  • 201. Eneko Urrizalki Jauregi 5:46:55
  • 233. Jon Urzelai Inza 6 :04:30 2:11:43
  • 247. Iñaki Uribeetxebarria Santander 6:12:23 2
  • 252. Gaizka De Miguel Bolibar 6:13:24
  • 270. Nestor Kortabarria Osinaga 6:26:53 2
  • 271. Aitor Zugasti Kortabarria 6:28:07
  • 299. Urtzi Berasaluze Velez de Mendizabal 6:46:32 2
  • 303. Ivan Sanchez Estrella, IVAN 6:48:47
  • 309. Kepa Mercader Gardoki 6:51:37
  • 320. Mikel Arenaza Letamendi 6:56:12
  • 402. Iker Badiola Etxaburu 7:58:21

Oharra: Baliteke debagoiendar gehiago egotea sailkapen orokorrean, baina kanpoan bizi eta izenematea osatzerakoan beste herri bat jarri izana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak