"Espetxearen mamua" dutela aurrean nabarmendu dute, besteak beste, gaurko agerraldian: "Guk espetxearen mamua dugu parez pare. Gure hurbilekoek gure faltaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Azpimarratu beharrean gaude egun 38 adingabe ditugula guztira gure zaintzapean, eta pertsona hauen garapen afektibo eta emozionala erabat baldintzatuko lituzkeela gure espetxeratzeak. Egoera gogorra da, ez dugu ukatuko. Epaiketa honen oinarrian dauden arrazoiak bere horretan diraute 2019. urtean".
Madrilgo Audientzia Nazionalean epaituko dituzte, "presoen alde lan egitea" egotzita. Jardun hauetan aritzeagatik auzipetu zituen Eloy Velasco epaileak, 2016ko apirileko 11/2013 sumarioan: Herrira mugimenduan ibiltzegatik –talde horretan sartzen dute Zubizarreta–, Jaiki Adi eta Etxerat elkarteetakoak izateagatik, EPPK-ko Bitartekariak Taldean aritzeagatik eta euskal presoen abokatu izateagatik.
Zubizarretaren atxiloketa, 2013ko irailean
Eloy Velasco epailearen aginduz 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuten Ekain Zubizarreta, beste 18 lagunekin batera, Guardia Zibilak Herrira euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren kontra burututako operazioan. Madrilera eraman zuten Tres Cantosera, eta epailearen aurrean deklaratu ostean libre utzi zuten urriaren 3an "fiskalak ez duelako ezer eskatu beraren kontra".