EAEko kostaldean bainu-denboraldia hasi da gaur, bete beharreko kalitate-eskakizunak beteta. Kostaldean 36 bainu-eremu daude eta Ullibarri-Ganboan beste bost, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako jarraipenaren arabera, horietako 35 eremuk ur-kalitate bikaina dute; beste bostek ona, eta azken batek nahikoa. Beraz, kostaldeko uretan eta ur-kontinentaletan bainu segurua bermatua dago.

Jarraipen zehatza uraren kalitateari
Urtero legez, Osasun Sailak laginak hartuko ditu mikrobiologia-analisia egiteko 41 bainu-eremutan, eta uren kalitatearen berri emango du. Hondartzetako uren kalitatea, oro har, "oso ona" da, baina bainu-denboraldian gerta daiteke noizean behin egoera hori aldatzea baldintza meteorologiko bortitzengatik.
Hain zuzen, ezin dira ahaztu iazko bainu-denboraldi ofiziala irekitzearekin batera eman ziren euri mardulak. Izan ere, araudiak epe motzeko kutsadura gertakariak deitzen dituenak sorrarazi zituen bainu-eremu ofizialetatik gertu diren kostaldeko uretan. Bat-bateko ur-emari handitzearekin batera, eskualdeko saneamendu-sistemen edota udal saneamendu-sareen gainezkatzeak ematen dira, zeinak arroaren berezko jariatze-urak (hiri zein landa eremuetan) arroan metatutako zikinkeria eta hondarrak kostaldera garraiatzen dituen.