Igerilari oñatiarrak Bergaran hartuko dituzte

Maialen Regueiro 2019ko mai. 31a, 08:19

Igerilekuko lanek urtebete irautea aurreikusten da, baina federatutako igerilari oñatiarrek lanak bukatu bitartean erabili ahalko dute Bergarako igerilekua. Entrenamendu saioak goizean izan beharrean arratsaldez izango dituzte. 

Zubikoa kiroldegiko eraberritze lanak urrian hastea aurreikusten da, baina igerilekuko lanak ez dira 2020ko urtarrilera arte hasiko. Hala ere, Aloña Mendiko igeriketa saila eta Oñatiko Udala lanean hasita daude igerilekuko lanek irauten duten bitartean federatutako igerilariek izango duten aukeraren inguruan. Hainbat hilabetetan izandako bileren ostean, Borja Moiuak, jarduneko Kirol zinegotziak, honako hau adierazi du: "Bergarako Kirol Elkarteari eta Udalari baimena eskatu diegu Aloña Mendiko igerilariek Bergarako igerilekuak erabili dezaten, eta eskaera onartu digute". Modu horretan, federatutako igerilari oñatiarrek Agorrosingo igerilekuetan entrenatzeko aukera izango dute.

Agorrosingo igerilekuko lanak

Testuinguru horretan, gogora ekarri behar da duela urte batzuk, Bergaran, Agorrosingo igerilekuko eraberritze lanak egiten ari ziren bitartean, igerilari bergararrek Zubikoa kiroldegiko igerilekuak erabili zituztela entrenatzeko. Garai hartan, gainera, igerilariek ez zuten kuotarik ordaindu Oñatin entrenatzeagatik, eta, kasu honetan, egoera errepikatu egingo da eta igerilari oñatiarrek debalde erabiliko dituzte Agorrosin Kirol Guneko igerilekuak. Horren harira, aipatzekoa da Aloña Mendiko igeriketa sailaren lehentasuna hasieratik izan direla Bergarako igerilekuak, eta ondoren etorri dira elkarteen eta udalen arteko bilerak.

Urtebeteko lanak

Igerilekuko lanek urtebete irautea aurreikusten da; beraz, hau da Oñatik egin duen eskaera, Moiuak adierazi duenez: "Zubikoako igerilekuko lanek irauten duten bitartean Agorrosingo igerilekuak erabiltzeko aukera izatea".

Entrenamenduak, arratsaldez

Aloña Mendiko igerilariek, gaur egun, goizean goiz izaten dituzte Josune Odriozola entrenatzaileak zuzendutako entrenamenduak, baina Bergaran arratsaldez egiten dituzte saio horiek. Kasu horretan, oñatiarrek 2020ko urtarriletik aurrera arratsaldean joan beharko dute Bergarara entrenatzera. Horren harira, Odriozolak honako hau aipatu du: "Gure asmoa da igerilariei malgutasuna eskaintzea, zeren pena izango bailitzateke ordutegi arazoengatik igerilariek taldea uztea".

Aloña Mendiko igerilariak

Zubiko kiroldegiko igerilekuen lanek herritarrengan eragingo duten zalantzarik ez dago, baina eragin zuzenena Aloña Mendiko igerilariengan izango du. Izan ere, orain arte, igerilariek 06:00etan zuten egunero hitzordua entrenatzeko, eta, 2020ko urtarriletik aurrera, Bergarako igerilekuan egin beharko dituzte entrenamenduak. Egoera horren aurrean, Ainhoa Redin igerilariak honako hau adierazi du: "Oraindik ez dakigu nola antolatuko garen Bergarako igerilekura joateko. Horren ondorioz, taldeko hainbat kidek zalantzak ditugu eta ez dakigu igeriketan jarraituko dugun edo ez. Nire kasuan, arratsaldez beste kontu batzuk izaten ditut egiteko eta ez dakit nola moldatuko naizen. Momentua iristen denean, erabaki bat hartu beharko dut". Kepa Aldekoa igerilaria ere antzeko egoeran dago: "Egoera honen ondorioz, hainbat taldekidek ez dute igeriketan jarraitzeko gogorik, eta, horregatik, Aloña Mendiko igerilari kopurua jaitsi egingo dela uste dugu. Nire kasuan, aurten, futbola utzi behar izan dut, hurrengo urtean Bergarara entrenatzera joan ahal izateko". Era berean, Aldekoak honako hau azpimarratu du: "Igeriketan gaudenok zuzenean jasango ditugu lanen ondorioak, baina igerilekuak itxura ona hartuko duen esperantza dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak