Berezia izan da txapelketako azken jardunaldia. Txapelketa lehiatua izan da azkeneraino. Elgoibarko San Migel taldeko Anjel Ibarluzea nagusitu txapelketan 44 txirlo jota. Eibarko Asola Berriko Ganix Rodrigez izan da bigarren 41 txirlorekin eta taldekide duen Bittor Astigarraga hirugarren 38 txirlorekin.
Ibarluzea eta Rodrigez berdinduta iritsi dira Elgetako jardunaldira; izan ere, bai batak zein besteak 41 txirlo zituzten jota. Rodrigez izan da Elgetako tiraldian lehena jaurtitzen eta kale egin du hiru boloetan. Ibarluzearen txanda amaiera aldera iritsi da eta kale egin ditu lehenengo bi jaurtialdiak. Emozioa, beraz, azkenera arte mantendu da. Hirugarren tiraldian, ordea, hiru txirloak bota ditu Elgoibarkoak eta horrela eskuratu du Gipuzkoako txapela.
Elgetan onena, Beñat Villar
Gaurko saioko bolari onena, berriz, 13 urteko Beñat Villar bergararra izan da. San Joxepeko bolari gazteak zazpi txirlo jo ditu, Asola Berriko Bittor Astigarragak beste. Irabazlea erabakitzeko tiraldian, bost txirlo jo ditu gazteak eta Astigarragak baino gehiago izanik berak jaso du jardunaldiko saria.