Maitane Uribe: "Entzierroen aurrean milaka alternatiba topa ditzakegu"

Amaia Zabala 2019ko mai. 24a, 11:03

Maitane Uribe, Uluak Debagoiena Antiespezista taldeko kidea.  

Arrasateko San Juan jaietan, zezenen entzierroa dagoen ordu bererako, txaranga bat kontratatu du taldeak.

Zein da ekintza alternatibo honen helburua?

Animalien esplotaziorik gabeko ekitaldiekin ere herritarrak dibertitzea posible dela erakustea da helburua, tradizioaren izenpean justifikatzen diren ekintza injustu hauek amaitzeko asmoz, guztiontzako errespetuzkoa den parranda jarraituz eta herritarren dirua aurreztuz, noski.

Iaz ere antolatu zenituzten ekitaldi alternatiboak Arrasateko jaietan; jendearen erantzuna ona izan zen?

Iaz, lehenengo urtea izan zen, ez genekien oso ondo zer erantzun izango genuen, Arrasaten zezenetara joateko zaletasun handia baitago. Jendearen erantzuna ezin hobea izan zen. Arrakasta handia izan zuen eta jendeak hausnartzeko tartea hartu zuen. Feedback horrek bultzatuta eta herritarrek horrela eskatuta, aurten ere apustu egitea erabaki dugu.

Bergaran ere zezen festak egiten dituzte; ekaineko jaietan, esaterako. Zerbait aurreikusi duzue egun horietarako?

Egia esan, gustatuko litzaiguke herri guztietara iristea, baina, oraingoz, ez dugu ez denbora ez errekurtso askorik ekitaldi alternatiboak nahi ditugun herri guztietan prestatzeko; honelako kasuetan, protesten edo kontzientziazio ekintzen aldeko apustua egiten dugu. Era ezberdinetan egin diezaiekegu aurre animaliekiko tratu txarrak dakartzaten ekitaldiei. Baina Aretxabaletako sokamuturrari ere alternatiba ezberdin bat eskaintzeko gogoa badugu.

Zezen festez gain, jaietako zein beste ekintzarekin ez zatozte bat?

Gizakion dibertimendu hutserako animaliak erabili, erail edo esplotatuko dituenedozein ekintzaren aurka posizionatzen gara talde bezala. Herritar moduan moralitatez jokatzen hasi behar dugu, eta edozein izaki bizidunen esplotazioa edo tratu txarrak ekarriko dituzten ekintzak festetatik kanpo utzi. Gaur egun, milaka alternatiba eraiki daitezke, guztiokiko errespetuan oinarrituak, eta, gainera, askoz ere merkeagoak.

Zuen ustez, Udalak debekatu egin beharko lituzke?

Abolizionistak garen arren, kontziente gara debeku baten aurrean herriak ez lukeela ondo erreakzionatuko; beraz, pixkanaka entzierro egunak kentzen hasteari eraginkorrago deritzogu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak