1989ko urrian sortu zen EH Sukarra Eibarren eta 1990ko uztailean eskaini zuten lehen kontzeruta Soraluzeko gaztetxean. Ordutik ehundaka kontzertu egin dituzte Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpora eta bederatzi disko kaleratu dituzte: EH Sukarra, Irtenbide bakarra, Garaien laberintoan, Ura Sutan, Sua urtzean, Galtzailearen egunak, EH Sukarra zuzenean, Uhinak eta Azken gezia.
Jarraitzaileendako luzeegia izan den etenaldi baten ostean itzuli da talde Eibartarra eta Sukarra Zugaz Tour izenarekin ekin diote kontzertu bira berri bati. "Bira honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu guztion artean iragana eta oraina bat eginez une goxo batez goza dezagun", adierazi dute. "Kanta berri eta zahar arrakastatsuenak bildu dituzte zuzenekoetarako, EH Sukarraren betiko espiritu indartsua mantenduz".
Elgetako kontzertua ekainaren 1ean izango da, 22:30ean.
Sarrerak salgai daude 12 euroan hemen zein ondorengo tabernetan: Rincon de Lola (Elgeta), Eruan eta Tartufo tabernak (Bergara), eta Kultu taberna (Eibar).
Egunean bertan, antzokian, sarreraren prezioa 15 eurokoa izango da.