Dolmenen Ibilbideaz gozatzeko doako bisitak

Amaia Zabala 2019ko mai. 17a, 10:00

Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko udalek, Debegesarekin batera, sustatu dute egitasmoa, ibilbidearen eta bere ingurunearen paisaia-balioa eta balio arkeologikoa herritarrei ezagutzera emateko helburuarekin; lehena maiatzaren 26ean izango da.

Dolmenen Ibilbidearen (PR-Gi 94) balio arkeologikoa eta pasaia-balioa gizarteratzen jarraitzeko asmoz, Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko udalek doako bisita gidatuen programa berria abiarazi dute, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziarekin elkarlanean.

Zazpi bisita gidatu antolatu dituzte eta lehendabizikoa maiatzaren 26an egingo da, domekan, euskaraz. Hortik aurrera, datozen irteeretako datak honako hauek dira: euskarazkoak ekainaren 29an, uztailaren 14an eta uztailaren 28an eta gaztelaniazkoak, berriz, uztailaren 7an, uztailaren 21ean eta abuztuaren 10ean.

Bisita gidatuak Karakateko aparkalekutik aterako dira, Soraluzen, goizeko hamarretan. Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz. "Ibilbide gidatuak 9 kilometroko luzera eta hiru ordu eta erdiko iraupena du, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino joan-etorria. Ibilbidea erraza eta malda gutxikoa da, familian egiteko aproposa. Hori bai, ibilaldian parte hartzeko gomendatutako gutxieneko adina 7 urtekoa da. Edertasun handiko paisaiak zeharkatzen dira ibilbidean zehar eta balio arkeologiko handiko interesguneak aurki daitezke bertan. Mendilerroan historiaurreko monumentu ugari dago, hala nola Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak, trikuharriak eta zutarri bat", azaldu dute antolatzaileek.

Boluntario bila

Dolmenen Ibilbidean dauden zenbait tumuluren eta trikuharriren indusketa lanak hasiko ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak eta boluntario bila dabil; harremanetarako, jtapia@aranzadi.eus helbidera idatzi behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak