Jaurlaritzak arrazoia eman, eta ARTk mailari eusteko partidua jokatuko du

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 15a, 08:13
La Unicaren kontra ligan jokatutako partidua.
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek mailari eusteko azken aukera bat izango dute, Eusko Jaurlaritzako Kirol Justiziako Euskal Batzordeak arrazoia eman die-eta. Duela hilabete batzuk Euskadiko Errugbi Federazioaren Kirol Diziplinarako Batzordeak kendutako lau puntuak itzuli dizkiote talde arrasatearrari eta, ondorioz, azkenaurreko postuan amaitu du denboraldia. Orain, Logroñoko Pradoviejo gainditu beharko dute kategorian jarraitzeko. 

Eta kanporaketa bi partidutakoa izango da. Joanekoa zapatuan jokatuko dute, Logroñoko Pradoviejo errugbi zelaian (17:00) eta, bueltakoa, hilaren 25 eta 26ko asteburuan Mojategin. Hala, mailari eusteko promozioan Kanpanzar Arrasateren aurkari izango den Errioxako taldea Euskal Ligako 2. Mailako txapeldunordea izan da, igoerarako txartela zuzenean lortu duen Elorrioren atzetik sailkatuta.  Logroñokoek denboraldiko bigarren fasean jokatutako sei partiduetatik lau irabazi dituzte, guztira 21 puntu poltsikoratuz.  Kategoriako txapeldun Elorrio eta Sarako Izarra taldearen kontra baino ez dute amore eman errioxarrek ikasturteko azken txanpa honetan.

Baina, nondik nora dator Jaurlaritzaren ebazpena?   

Gertatutakoaren berri izateko otsailaren 16ra egin behar da salto. Egun horretan Ordizia B-ren kontra jokatu behar zuen Kanpanzar Arrasatek. Igor Isasik denboraldi honetan ohikoa bilakatu den buruhaustea izan zuen orduan ere: lesioak.  Teknikari zuri-moreak 12 jokalari baino ez zituen izan bere aginduetara, eta horietatik hiru zelaitik erretiratu behar izan ziren min hartuta norgehiagoka hasi eta gutxira.  Ondorioz, eta horrelako kasuetan ohikoa den moduan, epaileak arautegiak dioena aplikatu eta partidua amaitutzat eman zuen goierritarren aldeko 0-7ko emaitzarekin.

Euskal Errugbi Federazioaren Kirol Diziplinako zigorra

Partidua bertan behera geratu eta egun batzuetara Arrasate Errugbi Taldeak Euskal Errugbi Federazioaren Kirol Diziplinarako Batzordearen ebazpena jaso zuen; bertan, klub zuri-morearen partidu horretako jarrera lege-iruzur erakoa izan zela zioten eta, ondorioz, talde arrasatearrari lau puntu kentzearen zigorra ezartzen zuten.  Egoera honen aurrean Ane Agirre buru duen Arrasateko taldeko Zuzendaritza Batzordeak errekurtsoa aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Kirol Justiziako Euskal Batzordean eta, esan bezala, honek arrazoia eman dio talde arrasatearrari, eta bere garaian kendutako lau puntu horiek itzuli dizkiote talde arrasatearrari.

Kontrario gogorra izango da Errioxakoa

Promozioan Kanpanzar Arrasateren aurkari izango den Errioxak Euskal Ligako 2. Mailako txapeldunordea izan da, igoerarako txartela zuzenean lortu duen Elorrioren atzetik sailkatuta.  Logroñokoek denboraldiko bigarren fasean jokatutako sei partiduetatik lau irabazi dituzte, orotara 21 puntu poltsikoratuz.  Kategoriako txapeldun Elorrio eta Sarako Izarra taldearen kontra baino ez dute amore eman errioxarrek ikasturteko azken txanpa honetan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak