Itziar Zabala izan zen larunbatean jokatu zuten azken probako protagonistetako bat. Lehen edo bigarren postuan sailkatzea nahikoa zuen kopa eskuratzeko. Eta halaxe egin zuen. Finalean sartzea lortu zuen arren, dimoztarra ez zen proba irabazteko gai izan. Bigarren postuan amaitu zuen, Rut Casas kataluniarraren atzetik. Hirugarren postuan, beste kataluniar bat sailkatu zen, Rut Monsech.
Linazisorok ez zuen txapelketan esku hartzeko beharrik izan
Gizonezkoetan, Mikel Linazisorok ez zuen Plasenciara joan beharrik ere izan. Salamancan eta Fuenlabradan lortu zituen puntuen baturarekin, bergararra Espainiko Kopako txapeldun izan da. Larunbatean jokatutako proban, Euskal Selekzioko eskalatzailerik onena Eric Lopez izan zen, hirugarren postuan amaitu zuen. Lopezek Kopako hiru probak egin ditu, eta sailkapen nagusian bigarren postuan amaitu du Linazisororen atzetik.
Sergio Delgado hautatzaileak balorazio positiboa egiten zuen Koparen emaitzengatik galdetzerakoan. "Kopa bikaina izan da guretzat. Izugarrizko eskalatzaileak ditugu, eta orain arteko proba guztietan gutxienez eskalatzaile bat izan dugu finalean. Itziar eta Mikel bikain aritu dira, baina ez nituzke beste guztiak ahaztu nahi. Denek ere izugarrizko maila erakutsi dute".
Debagoieneko Eskalatzaileak Taldekoak Espainiako Txapelketan
- Infantilak, neskak: Garazi Uriarte, oñatiarra, 7. postua
- Infantilak, mutilak: Manex Iñurrategi, Aretxabaletarra. 2. postua.
- Kadeteak, neskak: Irati Guenetxea, 7. postua.
Bestalde, Haizea Osesek Espainiako Selekzioarekin hartu zuen parte egun berean Portugalen jokatu zuten Europako Kopan. Eta, 32. postuan sailkatu zen.