Zaila izan arren, aurrera egiten ahaleginduko dira

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 10a, 07:00

Bergarako eta Aretxabaletako pilotariak, joan den asteko joaneko partiduan.

Joan den asteko Herri Arteko Txapelketako joaneko partiduetatik ez Bergarak eta ez Aretxabaletak ez zituzten emaitza batere onak ekarri. Itzulerako partiduak jokatuko dituzte gaur, egubakoitza; zail dute aurrera egitea, baina horretan ahaleginduko dira. 

"Amorratuta" amaitu zuten joan den astean Aretxabaletako eta Bergarako ordezkariek joaneko kanporaketa. Amorratuta, badakitelako euren pilotariak kantxan erakutsi zutena baino gehiago direla, baina ez zutelako hori erakusterik izan. Kanporaketa maldan gora dute, batez ere, Aretxabaletakoek. "Baina azken unera arte ez dugu amorerik emango, kirolean denetarik gerta daiteke eta", dio Juan Mari Errastik. 

Bergarak 2-1ekoa kontran 

Bergarako pilotariek Adunakoen kontra jokatuko dute gaur, egubakoitza, 19:45ean –ordu laurden lehenago klubeko pilotariek Beñat Rezusta omenduko dute– . Mahoneroek 2-1eko emaitzari eman behar diote buelta, eta, gainera, tanteoa ere kontran dute: "Kadete mailan aurreikusten dugu gure atzelaria Adunan baino lasaiago ibil daitekeela, hango pilotaleku txikian ez zeneta batere eroso egon. Eta, senior mailan ere gure ordezkariek ez zuten euren maila erakutsi, pilotan gehiago egiten dute. Hotz kantxaratu ziren, eta konturatu orduko 8-2 ziren atzetik", adierazi du Julen Aranburuk. "Uste dugu nagusiek buruhauste handiagoak emango dituztela gaur, indarrak berdindu egingo direla, kategoria horretan partidu txukuna egiteko kapaz izango direla". 

Hala, kanporaketa gainditu ala ez, Bergarakoek zapore onarekin egon gura dute gaurko jaialdiaren amaieran: "Nahiz eta partiduak galdu norberak bere maila erakusten badu nahikoa da, ezin da gehiagorik eskatu. Txarra da pilotaria egindako partiduarekin batere gustura geratzen ez denean, mailarik eman ez duenean, eta, neurri handian, joan den astean horixe gertatu zitzaigun". 

Aretxabaletak oso zail du 

Aretxabaletak are okerrago du (19:30, Iturrigorri), Zestoan hiru partiduak galdu egin zituzten-eta –22-5, 22-2 eta 22-8–. "Ez dugu esango ezinezkoa denik, baina garbi daukagu kanporaketa gainditzea oso-oso lan zaila izango dela", adierazi du Juan Mari Errastik. "Egia da kadete mailan emaitza hobea espero genuela, baina Zestoako frontoian zegoen jende kopuruagatik, edo zaratagatik... Pilotari gazteak urduri ibili ziren eta ez zuten eurek dakiten moduan jokatu; tanteo hobea espero genuen hor". Gazte mailako porrotak, berriz, ez zituen ezustean harrapatu: "Bereziki kategoria horretan ere kadete mailako pilotariekin jokatu genuelako, eta ez gazte mailako pilotariekin, kategoria horretan hutsunea dugu eta halaxe bete genuen hutsunea. Eta, seniorretan partidu parekatuagoa izan genuen; ea etxean egubakoitzean zaleen babesarekin txukunago jarduten dugun. Garrantzitsuena da datozen urteotarako badugula taldea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak