Oihana Aldai: "Gure aukerak izango ditugula sinistuta nago"

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 9a, 20:42
Oihana Aldai, baloia atxikitzeko unean. Real Sociedad / Twitter.

Egun historikoa izango da zapatukoa Realarendako, emakumezkoen taldea Kopako finalean izango da eta, Atletico Madril boteretsuaren aurrean, hain zuzen ere. Oihana Aldai (Aretxabaleta, 1992) atezainak bertatik bertara jarraituko du futbol jaia, nahiz eta ez den gehien maitatuko lukeen postuan egongo: atepean, eskularruak jantzita.

Zapatuko partidura begira ze giro sumatzen duzue taldean? 

Jendea ilusio handiarekin ikusten dut finalera begira. Badakigu oso erronka zaila izango dela, Atletico oso talde indartsua delako, baina gure eskuetan dagoen dena egingo dugu partidua irabazteko. Norgehiagoka bakarrean edozer gerta daiteke.

Madrilgo taldeak liga irabazi berri du. Erlaxatuago egon daitezke? 

Ez dut uste. Txapeldunen Ligatik kanpo daude, eta Liga dagoeneko irabazita Koparekin dobletea egin gurako dute.

Ligako azken norgehiagoka euren kontra jokatu duzue –1-3 galdu zuen Realak–; zer ez duzuen errepikatu behar garbi izateko lagungarri da?

Bada, ez dakit. Edozein partiduren aurretik, astean ondo prestatzen dugu norgehiagoka, kontrarioaren gaineko bideoak ikusita... Egia da azken partiduan gertatutakoa fresko-fresko dugula buruan eta aste barruan gauza ezberdinak probatzen ibili dela entrenatzailea. Gero, ikusi egin behar...  

Atleticoren partidu hasiera intentsuari aurre ondo egitea izango da lehenengo gakoetako bat. 

Hori da; hasieratik berdegunean ondo kokatuta. Oso fuerte hasten dituzte norgehiagokak; lehen bultzada horri eutsi behar diogu, eta ondoren gure jokoa egiten hasi. Zaila izango da, baina sinistuta nago Kopa irabazteko gure aukerak izango ditugula.

Gertatzen dena gertatzen dela, Anoetan izango zarete domekan. 

Bai, gizonezkoen Realak Real Madril taldearen kontra jokatuko du (18:30) eta partidu aurretik harrera egingo digute eta ohorezko sakea egingo dugu. Guk, baina, momentu horretan Erreginaren Kopa zaleei eskaini gura diegu; ea lortzen dugun.

Emakumeen futbolak erabateko eztanda egin du azken urte honetan.

Bai, azken urtean ikusten ari gara, orokorrean, emakumezkoen kirola zelan datorren behetik gora, baina azken urte hau garrantzitsua izan da emakumezkoen futbolean. Ligan ikusten ari gara geroago eta lehiakortasun handiagoa dagoela, mailak izugarri egin duela gora, eta, gainera, aurten Munduko Txapelketa Frantzian jokatuko dute eta Espainiako selekzioa bertan izango da. Horrek guztiak lagundu egiten du gure kirolak gora egin dezan, eta klubetan ere apustua egiten dabiltza.

Atletico Madril moduko talde batek, baina, profesionalismoan beste pauso bat egin du aurrera? 

Bueno, pauso bat aurrerago dauden klubak dira horiek. Guk jokalari semiprofesionalak ditugu, jardun erdiz lanean gabiltzanak, ikasten dabiltzan jokalariak ditugu... Atleticon jokalariak erabat profesionalak dira.

Talde moduan bistan da urte oso polita egiten zabiltzatela. Baina arlo pertsonalean zer moduz? Izan ere, jokalari batek jokatu egin gura izaten du. 

Bai, hori hala da; aurten Ligan oso aukera gutxi izan ditut, bi partidutan bakarrik jokatu dudalako. Beti esan ohi dut atezainaren postua oso zaila dela, pertsona bakarrak joka dezakeelako postu horretan, baina Realera etortzearen aldeko apustua egin nuenean banekien zerekin egingo nuen topo. Talde profesional batera etortzeko apustua egin nuen, ikastera etorri nintzen, maila gorenean egon gura nuen... Ikusiko dut datorren denboraldian zer egiten dugun; orain, Kopako finala dugu buruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak