PSOEk irabazi ditu hauteskundeak 123 eserleku lortuta

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko api. 29a, 00:40

Alderdi sozialistak boto eta eserleku gehien lortu ditu. Eskuineko hiru indarrek batera ez dute lortu gehiengorik (PPk 66 eserleku, Ciudadanos-ek 57 eta VOXek 24). Elkarrekin Podemosek 35 eserleku lortu ditu. Euskal alderdiei dagokionez, EAJk 6 ordezkari izango ditu kongresuan eta EH Bilduk 4.

PSOEk irabazi ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, 123 eserleku eta botoen gehiengoa lortuta. Sozialistek 85 eserleku eskuratu zituzten 2016ko ekaineko hauteskundeetan, eta oraingoan nabarmen gora egin dute. Bigarren alderdi bozkatuena PP izan da, baina Pablo Casadoren alderdiak 137 eserleku izatetik 66ra behera egin du.

Hirugarren indarra Albert Riveraren Ciudadanos alderdia izan da botoen ia %16arekin, eta laranjek 57 eserleku lortu dituzte Kongresuan (2016an 32 zituzten). VOX indartsu sartu da Madrilgo kongresuan 24 kiderentzako eserlekua lortu ondoren eta bi milioi eta erdi baino boto gehiago eskuratuta. Eskuineko hiru alderdiek, hala ere, ez dute nagusitasuna lortu kongresuan, nahiz eta inkesta askok horren berri eman izan zuten.

Beherakada nabarmena eman du ere Pablo Iglesiasen Elkarrekin Podemosek, 45 eserleku izatetik 35era jaitsi baitira moreak. Bestalde, Kataluniako ERC-Sobiranistes-ek 15 eserleku eskuratu ditu Madrilen. JXCAT-JUNTS alderdiak bestetik, 7 eserleku lortu ditu En Comun Podem-Guanyem el Canvi alderdiak bezala.

EAJk 6 eserleku izango ditu kongresuan (2016an 5 izan zituen), eta EH Bilduk 4 ordezkari izango ditu (2016ko hauteskundeetan bi lortu zituen).

Parte hartzea altua izan da, %75,75ekoa, 2016ko ekaineko hauteskundeak baino ia 10 puntu altuagoa (%66,48).

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak