Nerea Zubia (EH Bildu): "Ultraeskuinaren aurrean herritarren kezkarekin ondo konektatu du EH Bilduk"
"Pozik gaude Gipuzkoan zein Hego Euskal Herriko emaitzetan gora egin duelako EH Bilduk, eta horren adierazle, bitik laura igo dugula diputatu kopuruan eta bosgarrena lortzeko atean geratu garela. Horrek erakusten du ultraeskuinaren aurrean herritarrek zuten kezkarekin ondo konektatu duela EH Bilduk, eta 2016tik zekarren gorazko tendentziari eusten ari garela. Hauteskunde kanpainan izan diren mugimenduak ikusita inkognita handia zegoen zer gertatuko ote zen alde batera edo bestera. Adierazgarria izan da partaidetza altua, boto batzuk mugitu diren seinale, eta horiek alde batera zein bestera egin zezaketen, baina uste moduan joan da guztia: PPren jaitsiera esperotakoa eta Podemos, inkognita izan arren, beheranzko joera antzematen zen euren azken urteetako jarduna ikusita. Gu geurearekin pozik, eta orain, ikusi egin behar gobernua eratzeko zein aukera eta zein mugimendu ematen diren.
Debagoienean, Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian bezala, EH Bilduren gorazko joera eman da eta horrek tendentzia bat markatzen du, hortaz, gustura. Hemendik hilabetera datozen hauteskunde horiei begira aldaketa batzuk emateko aukera badagoela esango nuke. Madrilerako hauteskundeak urruti ikusi izan dira batzuetan eta jendea mugitzea kosta egin izan da, baina ikusita zelako parte-hartzeak egon diren espero dugu eustea horri. Gainera, ikusi da botoa erabakigarria dela, eta hor dago Arabako adibidea, EH Bildu eta Marotoren artekoak erakutsi du bozkatzeak duen garrantzia. Hortaz, orain boto aktibazioa emanda gero ere igarriko da eta EH Bildu posizio onean uzten du horrek".
Miren Elgarresta (EAJ): "Espainia demokratikoagoa da hauteskunde emaitzen ostean"
"Euskadin bai botoetan eta bai eserlekuetan irabazi egin dugu eta horrek asko pozten gaitu. Era berean, Araban nagusitu gara eta hori ere nabarmentzekoa da. Espainiara begira, eskuinaren eraso bortitz horren aurrean, erantzun egin du herriak; Espainia demokratiko batek erantzun dio eskumari. Parte hartze altuak ekarri du indar aurrerakoien gorakada. Emaitzak oso onak dira alde horretatik ere. Emaitza demokratikoagoak dira.
Baina orain erronka da gobernua osatzea. Ez dago argi PSOEk Ciudadanosekin egingo duen akordioa ala beste aukera batzuk hobetsiko dituen. Hori dago jokoan.
Debagoienean ikusi dut Elkarrekin Podemosen boto galerak on egin diola EH Bilduri eta baita guri ere. Ematen du Podemosen hasierako efektua behera etorri dela".
Isabel Salud (Elkarrekin Podemos): "Eskuineko indarren bultzada geldiarazi dugu"
"Inkestek ziotena bete da eta, inportanteena, trifatxitoa edo eskuineko indarren bultzada geldiarazi dugu. Sozialistek irabazi dute eta Sanchezek aukera du Gobernu aurrerakoia egiteko edo indar aurrerakoien babesa jasotzeko, gurekin, indar abertzaleekin eta beste batzuekin. Ciudadanosekin akordioa egiteko aukera ere badu, haina ez dut uste horretarako tentaziorik izango duenik. Ez da ausartuko. Katalan independentisten beharrik ez dauka. Gurera etorrita, galdu ditugu botoak Euskal Herrian eta Debagoienean, Espainian bezala. Dena den, pozik gaude, oro har, Debagoieneko emaitzekin eta Udal eta foru hauteskundeetara begira baikorrak gara".
Oscar Garcia PSE-EE): "Bototan irabazi dugu eta eskuma gelditu dugu"
"Oso oso pozik gaude, Arrasate, esaterako, 1.000 boto gehiago eduki ditugulako azkeneko hauteskundeekin alderatuta. Oso oso pozik gaude, era berean, Euskadin lortutako emaitzak primerakoak izan direlako. Gai izan garelako geneukan eskuma hori garaitzeko. Guztion bizitzeko modua eta eskubideak bermatu ditugu.
Bailarako emaitzei erreparatuta argi zegoen gora egin behar genuela, ikusten zelako polarizazio handia zegoela eskumaren eta ezkerraren artean. Gurea zen eskuma gelditzeko bozka bakarra. Bailara osoan gora egin dugu, azken boladan behera eta behera egiten ari ginenean.
Maiatzeko hauteskundeetan egoera ezberdina izango da, hauteskunde oso ezberdinak direlako, baina lau urteotan egin dugun lan onak isla izan behar da maiatzaren 26an".